“Herritar guztientzako Euskal Estatua sortu behar dugu eta horretarako independentismoak abertzaletasunetik harago joan behar du”

P1000043Txutxi Ariznabarreta Independentistak Sareko bozeramailearen esanetan, “abertzaleentzako eta ez-abertzaleentzako Euskal Estatu independentea sortu behar dugu, eta horretarako, balore identitarioak edo eskubide historikoak alboratu gabe, balore unibertsalak (demokrazia, justizia soziala, aberastasunaren banaketa, ongizatea..) gehitu behar dizkiogu independentziaren proiektuari”.

 

– Azken hilabeteotan une konplikatuak bizi izan dituzte Katalunian eta akordioa azken eguneko azken minutuan iritsi zen, ezustean. Kataluniako prozesu soberanista nola dago une honetan? Ahulago edo indartsuago?

Lehenengo eta behin azpimarratu behar da Katalunian sinbiosi bat izan dela herriaren, alderdien eta instituzioen artean. Eta hori da, nire ustez, Euskal Herrian Kataluniatik atera behar dugun ikasgai inportanteenetako bat. Herriak mugimendu independentista indartsu bat sortu du eta horren aurrean alderdiak derrigorrez mugitu behar izan dira. Alderdiek konpromisoak hartu dituzte eta konpromiso horiek instituzioetara eraman dituzte, indarrean jartzeko asmoz.

Prozesua martxan jarri zenetik tentsio une ezberdinak izan dira eta hauteskundeen ostean etorri da krisirik handiena, eta ikusteko dago krisi horrek etorkizunean eragina izango duen edo ez. Baina, azken minutuan izan bada ere, akordioa lortu zuten. Eta hori da Kataluniatik datorkigun bigarren irakaspena: interes alderdikoiak albo batean utzi dituzte, Kataluniako herritarren interesak defendatzeko. Hau da, berriro lehenetsi dute Kataluniaren etorkizuna beste guztiaren gainetik.

Beraz, Kataluniako prozesuak heldutasun bat lortu duela esan genezake eta espero dut hemendik aurrera ere herria-alderdiak-instituzioak sinbiosiak aurrera jarraitzea. Carles Puigdemont president berriak iragarri du Kataluniako Estatuak sortzeko pauso zehatzak emango dituela, baina horrek Espainiako Gobernuaren erantzuna izango du. Estatu espainolak eraso egingo du eta hori gertatzen denean Kataluniak herriak erantzun irmoa ematea ezinbestekoa izango da.

– Eta Euskal Herrian zer? Prozesu soberanista bat abian jartzeko baldintzak egon badaudela esaten da behin eta berriro. Baina zeintzuk dira baldintza horiek?

Prozesu independentista bat martxan jartzeko baldintzak badaude, baina, aldi berean, hori gauzatzeko ezintasun moduko bat nagusitu da. Etengabe ari gara iraganari begira. Iraganak harrapatuta bizi gara. Urte luzeetako gatazkaren ondorioak konpondu gabe daude. Gainera, gatazka puri-purian zegoen garaiko salbuespen legeak indarrean mantentzen dituzte: eskubide zibil eta politikoen murrizketak, errepresioa… Beraz, salbuespen egoera batean bizi gara oraindik Euskal Herrian eta honek guztiak ez digu uzten energia eta indar guztiak Euskal Estatua sortzeko prozesuan jartzen, iraganera kateatuta gaudelako.

Hala ere, agerian geratu da jada Espainiak suposatzen duen status quo menderatzaileak ez duela balio. Espainia menderatzaile batean “erosoago” bizitzearen mezuak ez duela balio. Gero eta jende gehiagok ikusten du XXI. mendean Estatu bat izan behar dela mundu honetan existitzen jarraitzeko. Euskal Herriak Estatu propioa izan behar duela gero eta konpartituagoa da. Euskal Estatua eraiki behar dugu, baina ez identitate, hizkuntza edo kultura ikuspuntu batetik soilik, baita alde sozial eta ekonomiko batetik ere. Eta baita demokraziaren ikuspuntutik ere. Burujabetasuna lortu behar dugu eta mundu honetan ezarritako sisteman burujabetasun homologatu bakarra Estatua izatea da. Horren aurrean nik argi daukat alternatiba bakarra independentzia dela, Euskal Estatua sortzea.

– Euskal Estatu independentea sortzeko aurrerapausorik eman al da?

Bai. Urrats nagusia ideietan eman da. Hau da, independentziaren aukera politikaren espazio utopikotik eztabaida politiko errealera pasatu da. Eta hori jauzi handi da. Euskal Herriaren etorkizunaz hitz egiten denean, independentziaren aukeraz hitz egiten da. Independentista edo unionista izan, ezkerrekoa edo eskuinekoa izan, denek dute hizpide independentzia, derrigortuta bada ere.

Independentziaren eztabaida abstrakziotik errealitatera pasatu da eta horretan asko lagundu dute Kataluniako edo Eskoziako prozesuek. Europan independentzia posible dela erakutsi dutelako. Guk Euskal Estatua sortu nahi dugu, Euskal Estatu errepublikanoa. Nola egiten den hori? Eztabaida konplexua eta nahasia da, baina eztabaida hori egotea positiboa da, eztabaida erreala delako, gizartea independentziaren aukera barneratzen ari delako.

– Arestian aipatu duzu: gatazkaren ondorioak konpondu gabe daude, preso eta iheslari politikoen etxeratzea, adibidez. Euskal Estatua eraikitzeko prozesua abiarazteko orduan, iragana zama bat da?

Nire ustez, zama bat da, iraganera kateatuta mantentzen gaituelako. Batzuek planteatzen dute lehenengo gatazka armatuaren ondorioei irtenbidea eman behar zaiela eta gero heldu behar zaiola prozesu independentistari. Horretaz ez nago ados. Ezin da itxaron bata konpontzea beste martxan jartzeko.

Prozesu soberanista bat martxan jartzeak izugarrizko lana suposatzen du, aurretik egin beharreko lana. Batzuek diote Europan independentziarako tren bat jarri dela abian eta Euskal Herriak tren horretara igo behar duela. Ados. Baina independentziarako trena Euskal Herriko geltokira heltzeko, trenbidea eraiki behar dugu, eta lan hori guk egin behar dugu.

– Eta zeintzuk dira aurretik egin beharreko lan horiek?

Lehenengo eta behin, mugimendu independentista indartsu bat jarri behar dugu martxan, herritarrak aktibatu behar ditugu. Eta ondoren Euskal Estatua zehaztu behar dugu, planteamendu zehatzak jarri behar dira mahai gainera. Euskal Herrian administratiboki zatituta gaude, eta hori arazo bat da. Baina, aldi berean, hainbat oinarri sortuta ditugu jada: hezkuntza edo osasun sistema, fiskalitatea, kulturgintza… Oinarriak baditugu, baina Euskal Estatuaren egitura sortu behar dugu. Egitura hori sortuta dagoenean hartuko dugu independentziarako trena.

– Erabakitzeko eskubidea, lurraldetasuna eta independentzia bezalako kontzeptuak behin eta berriro errepikatzen dira. Baina, ez al litzateke eraginkorragoa Euskal Estatu independenteak nolakoa izan beharko lukeen dokumentu batean zehaztea eta herritarrei Euskal Estatu independente horretan nola biziko litzatekeen azaltzea?

P1000069Atzera begiratuz gero, esan daiteke duela 500 urte Nafarroako Erresuma kendu zigutenetik ari garela, nola edo hala, herri hau bizirik mantentzen. Garai ezberdinak eta borroka molde ezberdinak izan dira mende horietan zehar, baina mende horietan hari bat mantendu da eta horren ondorioz existitzen da gaur egun oraindik Euskal Herria. Frankismoaren ondoren, adibidez, Nazio Eraikuntza izeneko prozesuari ekin zitzaion, Estatu propio bat izateko oinarriak ezarri nahian. Baina bitartean Espainiako eta Frantziako gobernuak (bereziki Espainiakoak) gure kontra aritu dira. Guk eraikitakoa, eraitsiz; martxan jartzen ditugun egitasmoak, geldiaraziz. Eta hori borroka luzea eta gogorra da.

Baina orain salto bat ematekoa unea iritsi da. Nazio eraikuntzatik Euskal Estatu bat sortzera pasatu behar gara. Euskal Estatu bat eskaini behar diegu herritarrei. Eta Euskal Estatu hori abertzaleen eta ez-abertzaleen artean eraiki behar dugu. Euskal Estatua abertzaleentzat eta ez-abertzaleentzat izango da. Independentismoa aldatzen ari da eta XXI. mendeko independentismoa abertzaletasunetik harago doa.

Independentziak herritar guztientzako proiektua eskaini behar du. Independentziaren baloreak ezin dira abertzaletasunaren baloreetan gelditu, hau da, independentismoa ezin da soilik elementu identitarioetan (abertzaletasuna, euskara, kultura…) edo eskubide historikoetan oinarritu, gehiengo zabal baten babesa lortu nahi badugu.

Aipatutako balore horiek alboratu gabe, balore unibertsalak gehitu beharko dizkiogu independentziaren proiektuari: benetako demokrazia eraikitzeko, justizia soziala bermatzeko, aberastasunaren banaketa egokia egiteko, ongizatea eskaintzeko, aniztasuna errespetatzeko… Independentzia hori guztia lortzeko alternatiba dela erakutsi behar dugu.

– Beraz, identitate ezberdinetako pertsonak aintzat hartuko dituen proiektu independentista garatu behar da.

Hori da. Datu bat: Euskal Herriko biztanleriaren %28 kanpoan jaioa da. 50eko eta 60ko hamarkadetan Estatutik etorri ziren gehienak; azken 10-15 urteetan munduko edozein tokitatik iritsi da jendea Euskal Herrira. Autokritika egin behar dugu eta euskal herritarrok gure euskal nortasunari uko egin nahi ez badiogu, ezin diegu kanpotik etorritakoei beren nortasunari uko egiteko exijitu. Ondarrura heltzen den senegaldarrari ezin diogu esan: “Aizu, Euskal Herrian bizi zarenez, zure nortasunari uko egin eta euskal identitatea hartu behar duzu”.

Pertsona bakoitzak bere jaioterria dauka, bere nortasuna, bere hizkuntza, bere erlijioa… Aniztasun hori errespetatu egin behar dugu eta Euskal Estatua aniztasun horretatik eraiki behar dugu. Bestela, Espainiako Estatuak aniztasun hori gatazka bilakatuko du gure kontra egiteko. Guk aniztasun hori aberastasun bihurtu behar dugu.

Independentzia Euskal Herri osoarentzat dela esaten dugunean, kanpotik etorritako pertsona horientzat ere bada. Baina, are gehiago, Euskal Estatu independentea sortzeko prozesua pertsona ezberdin horiekin ere egin nahi dugu, egin behar dugu.

– Independentistak Sareak topaketa irekiak egin ditu, orain arteko ibilbidea aztertzeko eta estrategia eta erronka berriak zehazteko. Zein da balantzea?

Ekarpenak jasotzeko eta iritziak eta gogoetak konpartitzeko topaketak izan dira. Sei urte hauetako ibilbidea aztertu dugu, lorpenak, zailtasunak, bertuteak eta gabeziak identifikatuz. Herrialde ezberdinetako egoera politikoak aztertu ditugu: Eskozia, Katalunia, Euskal Herria…

Aurrera begira zehaztu beharreko lan ildoak ere aztertu dira: gako estrategiko eta ideologikoak; jarduera eredua, ekimenak eta mobilizazioak; antolaketa eta mugimenduaren hedapena. Amaitzeko, 2016 urterako lan plangintza landu da: Aberri Eguna, herri galdeketak, Kataluniako prozesua eta abar. Orain, bertan jasotako ekarpen guztiekin txosten bat egingo dugu.

– Azken bi-hiru urteotan Independentistak Sarearen presentzia bigarren maila batean geratu dela ematen du. Gure Esku Dago mugimenduak, berriz, indarra hartu du denbora horretan. Zer gertatu da?

P1000074Egoera ulertzeko testuingurua kontuan hartu behar da. Independentistak Sarea 2010ean jaio zen, Europan ziklo berri bat zetorrela sumatzen zelako (Eskoziako galdeketa). Ilegalizazio garaia ere bazen eta alderdien jarduera debekatuta, jendea Independentistak Saren parte hartzea errazagoa izan zen. Gerora legalizazioa eman zen, Bildu sortu zen eta koalizioa udaletxeak eta instituzioak kudeatzen hasi zen. Horrek lan asko suposatzen du, hots, jende asko. Beraz, Independentistak Sarea ahuldu egin zen. Azken finean, herritar mugimendu bat gara, ez daukagu alderdien edo erakundeen egiturarik, pertsonen inplikazio boluntarioan oinarritutako Sarea gara.

Era berean, erabakitzeko eskubidearen aldeko aldarriak indarra behar zuen, Gure Esku Dago sortu zen eta horrek ere jendea mugimendu ezberdinetan sakabanatzea ekarri zuen, Sare Independentista ahulduz.

Nolanahi ere, Gure Esku Dagoren bidea eta Sare Independentistarena bi bide osagarri dela azpimarratu behar da. Independentistak garenok, logikaz, erabakitzeko eskubidearen alde gaude, independentzia erabaki nahi dugulako. Eta herritar guztiak ere erabakitzeko eskubidearen alde daude, batzuk kontzienteki eta beste batzuk inkontzienteki. Batzuk (Gure Esku Dago) erabakitzeko eskubideaz ari dira; gu (Sare Independentista) erabakiez ari gara, zer erabaki behar den esaten dugu: independentzia.

2016an, Gure Esku Dagok zenbait herri-galdeketa antolatuko ditu, tartean Diman eta Azpeitian; eta 2017an galdeketa gehiago egitea da haien helburua. Aurrerapauso garrantzitsua izango da eta Sare Independentistak ere erronka handia izango du: galdeketak egingo diren herrietako biztanleak independentziaren aldeko botoa emateko konbentzitu behar ditugu. Beraz, Gure Esku Dagok bere bidetik eta Sare Independentistak beretik, lan asko dugu egiteko.