Amaia Aurrekoetxea: “Herriko Belatxikieta itxi arren, auzolanean jarraitu nahi dugu, zerbait berria eraikitzeko”

IMG-20151202-WA0001Herriko Belatxikieta ixteko agindua, Libre dinamika eta etorkizunean eman beharreko urratsak izan ditugu hizpide Amaia Aurrekoetxearekin izandako solasaldian. “Auzolanean eta belaunaldien arteko elkarlanarekin jarraitu behar dugu, Herriko Belatxikieta itxi arren, hemendik aurrera zer eraikiko dugun erabakitzeko”, azpimarratu du.

 

– Zergatik antolatu duzue Libre Eguna?

Libre Eguna aldarrikapen eguna da. Herriko Belatxikietarekin batera Euskal Herrian beste 105 herriko taberna ixteko arriskuan daude eta finean Euskal Herria bera eta euskal herritarrok gara etengabe Estatuaren jo puntuan gaudenok.

Ideia politiko batzuk defendatzearren egindako lana da espainiar Estatua epaitzen ari dena, horretarako bere makinaria guztia modurik bortitzenean martxan jarriz.

Libre Egunarekin ideia horri heldu nahi izan diogu, alegia, ez direla Herriko Tabernak edo X sumarioa soilik. Herri oso bati ukatzen ari zaiola Libre izatea.

Zein da momentu honetan Belatxikieta elkartearen egoera juridikoa?

Herriko Belatxikieta elkartearen lokala dago sumariopean eta ixteko arriskuan. Sumario berean epaituta egon da lokalaren arduraduntzat hartua izan den Zornotzako herritar bat.

Momentuz, elkartea beraren izaeraren inguruan ez dago ezer. Hau da, lokalak ixteko agindua emanda dagoen arren, lokal horren kudeaketaz arduratzen den elkarteak jardunean jarrai dezake.

Hortik aurrera gauza gutxi dakigu. Madrildik datozen azalpenak ere urriak direlako. Errekurtsoak jarrita daude.

– Zein izan da Belatxikieta elkartearen historia eta herrian izan duen zeregina?

Herriko Belatxikieta 1985eko uztailaren 15ean inauguratu zen. Garaian bazkide ugarik egindako diru ekarpenari esker izan zen posible lokalaren irekitzea eta gaur egun arte saiatu da Zornotzan lokal erreferentea izaten.

Denetariko ekintzak egin dira bertan, beti ere helburu sozial eta politikoak zeintzuk diren argi edukita. Jarduera kulturaletatik hasita, hitzaldi informatibo eta mahai inguruetara arte.

– Nola baloratzen duzue azaroaren 21eko Libre Eguna?

IMG-20151202-WA0003Lan egiteko erabili dugun modua izan da onena. Lan talde ezberdinek eman dute beren ekarpena eta jende gehienaren jarrera oso positiboa izan da. Belaunaldien arteko elkarlana oinarria izan da eta bere emaitzak eman ditu. Horrek herri honek bizirik jarraitzen duela esan nahi du eta hori beti da positiboa. Polita izan da auzolana errekuperatzea eta historiatik abiatuta etorkizunera begira jardutea.

– Zein izan da Libre Egunaren helburua?

IMG-20151202-WA0004Libre Egunak, dinamikaren borroka kaleratu nahi izan zuen eta nolabait herriaren erdigunean kokatu. Hori lortu zen, Zelaietako parkean egun osoan zehar egon zelako bai festa eta baita aldarrikapena ere. Bestetik, lehen aipatu bezala auzolana eta herri aktibazioa lortu nahi izan dira eta hein batean lortu dugula uste dugu. Gehiago ere egin daitekeela ezin ukatu. Baina bidea gutxika egin behar da emandako pausoak ondo finkatuz.

– Libre Egunaren ondoren zeintzuk izango dira hurrengo urratsak?

Hori, hemendik aurrera zehaztu beharko. Lan egiteko moduarekin aurrera jarraitzea da asmoa. Batetik etor daitezkeen erasoen aurrean zein erantzun eman behar dugun denon artean erabakitzeko, baina batez ere hemendik aurrera zer eraikiko dugun erabakitzeko. Helburua ez baita erasoei erantzutea, ideiek kalea errekuperatu eta etorkizuna eraikitzen joatea baino!