Zornotzako MUBEA EDAI enpresak bost langile kaleratu ditu euren eskubideak defendatzeagatik

LAB sindikatuak salatu duenez, presioak martxoan hasi ziren, beharginek hauteskunde sindikalak egin zituztenean eta koronabirusagatik ezarritako larrialdi egoerak iraun bitartean telelanean aritzea eskatu zutelako. Azkenean, zuzendaritzak atzera egin zuen, baina honek guztiak ondorioak ekarriko zituela ohartarazi zien. Eta mehatxua orain bete du: bost langile kaleratu ditu eta gainerakoak aldi baterako lan-erregulazioan sartuko ditu.

Hemen duzue LAB sindikatuak bidalitako oharra oso-osorik:

MUBEA EDAI, JAZARPEN SINDIKALIK EZ!

Aurtengo martxoaren 11an, MUBEA EDAIko langileek LABekin batera antolatzea erabaki zuten. Hasieratik enpresaren esku hartzea nabaria izan zen, hauteskundeak euren erara eta interes enpresarialari zuzendu nahian.

Hala ere, sindikatua, agudo jarri zen kontaktuan enpresarekin eta langileen interesari zuzendutako hauteskunde sindikal askeak ospatzea lortu genuen. Honek, ez zion enpresari batere graziarik egin.

Zoritxarrez, egun gutxi barru, COVID-19ak sortutako egungo osasun krisian murgildu ginen eta, langilleek, arriskua murrizteko, telelana bitartez lan egitea eskatu zuten ( neurri hau, une oro, osasun erakunde guztiek lehenestutako neurria izan da). Hala ere, EDAIk, produktibitatearen eta interes ekonomikoaren izenean uko egin izan dio, beti, aukera hori ematera. Z

orionez, euren LABeko ordezkariaren bitartez, langileek enpresa presionatu zuten eta, egun, %50a telelana bidez egitea lortu dute. Honek, MUBEA taldeko goi kargu baten mehatxu zuzenak eragin zituen delegatuarekiko eta krisia amaitzerakoan errepresaliak jasoko zituztela zin egin zuen.

Mehatxu horiek berehala gauzatu ziren, eta, gaur egun, 5 langile kaleratuak izan dira eta gainontzekoak, ERTE batean sartuko dituzte.

Zenbaezinak dira sindikatuak kaleratzeak enpresarekin negoziatzeko egin dituen saiakerak, egungo krisi honek suposatu dezakeen eragina ukatu gabe. Lau izan dira enpresak aurkeztutako proposamenak 2 asteetan. Lehenik, langileek inposatutako baldintzekin adostu beharreko lanaldi murrizketa, egun batzuetara, %20ko ERTEan sartuko zituztela eta hurrengo astean 6 kaleratze eta gainontzekoei ERTEa.

Momentu horretan, sindikatua entzun eta gero, langile guztiak sartuko ziren ERTEan eta ez zen kaleratzerik egongo. Baina akordio batera lortzeko aukera zegoenean, gaur, maiatzaren 8an, 5 kaleratze egon dira eta gainontzekoak %50ko ERTEan murgilduko dira.

Proposamen guztietan, saiatu izan gara langileentzako ahalik eta irtenbiderik hoberena negoziatzen eta lortzen baina enpresak inoiz ez digu euren erabakia justifikatuko zuen daturik eman eta horrek alternatiba bat bilatzeko zeuden aukera guztiak ezeztatu ditu.

Oso argi utzi digute bere garaian enpresa familiar bat bezala sortutako talde honek (Mubeak) kaleratzeak eta enpleguaren suntsipena lehenesten dituela beste alternatiben aurrean eta familiei aurrera ateratzeko aukerak eman ordez, langabezira bidaltzea nahiago duen enpresa batean bilakatu dela.

Baina, ez bakarrik hori, berdin zaie kaleratze batek suposatu dezakeen ziurgabetasuna eta beldurra gaur egungo egoera pandemikoak sortu dezakeen antsietateari gehitzeak suposatu dezakeen kalte psikologikoak. Zeneukaten gizatasun apurra, guztiz galdu duzue.

Laburbilduz, langileen askatasun sindikalaren eta LAB sindikatuaren kontrako eraso argi baten aurrean gaude eta ez dugu, inolaz ere, onartuko. Ez orain, ez inoiz. Argi euki dezatela MUBEA EDAIKO langileak modu honetan gutxiestu izanak ez zaiela doainik aterako.