Atzetik aurrera hasten dira batzuetan kontatu nahi ditugun bizipenak, gogoratzen dugunetik ikasi dugunera bidaia eginaz. Hurrengo lerroetako hitzok, gehiago dute pertsonaletik politikotik baino. Gehiago bizipenetik, teoriatik baino. Autobiografikotik are, biografiatik baino. Ez dut beste era batera idazten asmatu, tamainako erreferente batek norberarengan uzten duen arrastoa baino.
Gogoan dut 2005eko ekain hasiera hura. Baserrian geunden, bazkaltzekotan, eta egun batzuk aurretik Jon Idigoras zendu zela hizketan ari ziren gurasoak eta osabak. Teleberrian ere komentatu zutelakoan nago, ziurtasunez esan ezin dezakeedan arren, eta hark piztuko zuen mahai bueltako solasaldia. Artean, 9 urte koxkor nituen eta Jon nor zen edo bere arrastoa zein sakona zen ideia askorik ez nuen. Idigoras Euskal Herriko politikagintzan, sindikalgintzan eta askatasunaren bidean lan nekaezina egin duen politikaritik haratago, nire imaginarioan etxeko argazki album batean agertzen zen gizona zen. Memoriak askorik lagundu gabe, gure familia argazkien artean 98an izeko Amaiarekin batera Ongi Etorri konpartitua izan zuen gizon biboteduna baino ez zen Ane umearentzat.
Bazkal osteko kafearekin, osaba Jonek bere tokaioarekin bizitako anekdotak kontatu zituela dut gogoan eta orduan entzungo nuen lehenengoz Jon Idigoras toreroa ere izan zela, sineskaitza egiten bazitzaidan ere.
Jonen heriotzaren 20. urteurren honetan, Auñamendiak zer ziren berari esker ikasi nuela ere gogora etorri zait. Errotutako ohitura da “rekordatorioak” egitea eta izar gorria inprimatuta gogoratzen dut Jonena. Kartulina haren baitan irakurri nuen Auñamendi lehenengoz, euskaldunon medi magikoaren berri izanaz. Ondoren etorriko zen Auñamendiak zer diren, zein garrantzia izan duten eta oraindik ere euskaldunontzat zein magikoak diren ulertzeko tenorea.
Eta urte batzuen baitan, nerabezaroa lekuko, etxeko apalen artean “El hijo de Juanita Gerrikabeitia” liburua aurkitu nuen, Jonen aurpegiarekin parez pare topo eginaz portadan. Udako bazkaloste sargorietan irakurri nuen lehenengoz liburua, etxekoek Le tour de France ikusten zuten bitartean. Liburu honi esker ezagutu nuen Jonen bizitza sakonago, ordurarte aupergi baten atzean dauden izen abizenak baino ezagutzen ez nituela. Nerabe eta herabe, bere tamainako gizon baten aktibatu zituen borrokak ezagutu nituen; herrian bertan Izar enpresan egindako langileen aldeko lana, atxiloaldiak, LABen sorrera eta Herri Batasunako mahai nazionalean egindako lana. Eusko gudariak eta Espainiako Erregea, epaiketak, Madrilgo atentatua, “Saquen sus sucias manos de Euskal Herria”, birikietako gaixotasuna…
Euskal Herriko historian gizon esanguratsua eta garrantzitsua, politika herritik eta herriari eskainiz egiten zuena, urte gogorrenetan tinko eta argi lan egindakoa, umoretsua eta leiala.
Lerroz lerro, berbaz berba, gaztaroak dakarren errebeldiak eta Idigorasen influentziak ziur nago Euskal Herriko gazterian eragina izan duela. Militantzia politikoan berresteko indarra eta konpormisoa eskaini dizkiozu zure atzetik etorri diren belaunaldiei. Hamarkadetan zehar gazte mugimendientzat ispilu eta iparrorratz izanik. Burkideen lagun eta militantziaren erreferente, herri zapalduekiko konpromisoz. Ideiak egituratu eta estrategiak lurreragotu, tixertetako logo bihurtzeraino.
Eskerrik asko Jon Idigoras, urteetan zehar utzi duzun arrastoarengatik.
Egun handira arte!

