Jai ereduari buruzko galdeketa abian jarri du Udalak, zornotzarron iritzi eta ekarpenak jasotzeko

Zornotzako Udalean ordezkatuta dauden alderdi guztien adostasunez, jai ereduari buruzko inkesta jarri da abian, herritarrek jaien inguruko iritzia eman eta proposamenak planteatu  ditzaten. Galdeketa etxez etxe banatuko da eta online ere erantzuteko aukera dago. Jaiak “zornotzar guztiek pentsatuta” izatea da helburua eta, horregatik, inkestan parte hartzearen garrantzia azpimarratu dute. 

 

Zornotzako festek “herritarren nahiak ase ditzaten”, jai ereduari buruzko gogoeta prozesua jarri du abian Udalak eta, bertan ordezkaritza daukaten talde guztien adostasunez (EAJ, EH Bildu, Hiri Ekimena eta PSE), herritarrei zuzendutako inkesta bat dago martxan.

Galdeketa hori etxez etxe banatu da (hausnartu eta erantzun ondoren, Zelaieta Zentrora eraman behar da) eta, gainera, internet bitartez egiteko aukera ere izango da. Bi kasuetan, martxoaren 17a da iritzia eman eta ekarpenak egiteko azken eguna.

Modu honetan, herritarrek gai konkretuei buruz pentsatzen dutena eta dauzkaten proposamenak ezagutzea da helburua: jaien iraupena, jai guneak, indartu beharreko ekimenak, zeintzuk kenduko lituzketen egitarautik…

Gainera, herriko eragile desberdinekin (kultura arlokoak, ostalariak, dendariak, gazte elkarteak edota guraso elkarteak) mahai-inguruak ere antolatuko dira.

Azkenik, emaitzak berresteko, telefono bidezko inkestak ere egingo dira.

Udaletik adierazi dutenez, “jai eredua berrikusirik, Zornotzako jaiak zornotzar guztiek pentsatuak izatea da inkestaren helburua, denon parte-hartzearen bitartez Zornotzak eta Zornotzarentzat egindakoak izatea hain zuzen“.

Inkestan parte hartzearen garrantzia azpimarratuz, gaiari buruz hausnartu eta iritzia emateko deia egin diete herritar guztiei.