Gueñes-Itsaso linea elektrikoa: Red Electrica Españaren negozioa, ingurumenaren kaltetan

70 metroko torreak eraiki dituzte Belatxikietan.

EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak onartu egin du Red Electrica España konpainiaren helegitea eta obrarekin jarraitzeko baimena eman dio. Pandemia hasi zenetik eta herritarrak konfinatuta egon garen bitartean, lanak azkar egiten ari dira Belatxikietan eta dagoeneko dorre handiak eraiki dituzte.

Bizkaiko Foru Aldundiak Gueñes eta Itsaso arteko linea elektrikoa eraikitzeko baimena ukatu zion Red Electrica España enpresari, ingurumena babesteko araudia urratzen zuela argudiatuta.

Konpainiak epaitegira jo zuen eta EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak haren helegitea tramitera onartu zuen. Areago, auzia argitu bitartean kautelazko neurriak bertan behera utzi ditu eta, ondorioz, Red Electrica Españak linea elektrikoa eraikitzeko obrarekin aurrera jarraitzen du.

Beste behin ere interes ekonomikoak gailendu dira ingurumena babesteko helburuaren aurretik.

Azpimarratu behar dugu Red Electrica Españak monopolio gisa kudeatzen duela Estatu espainiarreko sistema elektrikoa eta ezaguna dela ate birakarien bidez hainbat agintari hartu dituelako bere administrazio kontseiluan.

Gainera, ez dugu ahaztu behar konpainia horretan akziodun nagusia Estatua dela. Horregatik lotsagarria da Red Electrica Españak administrazioaren aurka epaitegietara jo izana, linea elektrikoaren obraren gastuak (47,6 milioi euro) diru publikoarekin ordainduko dituztenean.

Pandemia hasi zenetik eta herritarrak konfinatuta geunden bitartean, lanak azkar egiten ari dira Amorebieta-Etxanon: 70 metroko torre handiak eraiki dituzte Belatxikietan.

Oinarririk gabeko obra bat delako; ingurumenean eta herritarron osasunean eragingo dituen kalteengatik; arazo sozio-ekonomikoak ekarriko dituelako; eta energia ekoizteko beste eredu batzuk badaudela konbentzituta gaudelako:

GUEÑES-ITSASO LINEA ELEKTRIKOARI EZ!