GIZAKERen udal inkestaren emaitzek agerian utzi dute EH Bildu dela herrian baloraziorik altuena duen alderdia eta Ander Uriarte talde politikoen liderren artean baloratuena, alde handiarekin. Halaber, emaitzek diote herritarrek udal politiketan aldaketaren beharra ikusten dutela.
Zornotzako EH Bilduk beharrezkotzat jotzen du GIZAKERek egindako udal inkestari buruz Udalak egin duen irakurketari gurea gehitzea. Izan ere, EAJ-PNV buru duen Udal Gobernuak inkestaren datu batzuk plazaratu ditu, beste batzuk alde batera utzita. Horrela, azpimarratu nahi dugu EH Bilduren hazkunde etengabea agerian geratu dela eta Ander Uriarte dela herrian balorazio positiboena duen liderra.
EH Bildu lehen aldiz azaltzen da PNVrekin berdinketa teknikoan, eta horrek esan nahi du Amorebieta-Etxanon ia sorpasso historikoa gertatzear dagoela. Datu honek erakusten du herrian ziklo politikoa aldatzen ari dela, eta herritarrek alternatiba sendo eta fidagarria lehenesten dutela.
Inkestan herritarrek zerbitzuen balorazio positiboa egin dute, horregatik, udal langileak zoriondu nahi ditugu, herriko zerbitzuek behar bezala funtzionatu dezaten egiten duten lanagatik.
Halaber, inkestak berretsi egiten du Ander Uriarte dela herriko talde politikoetako buruen artean balorazio positiboena duena, alde nabarmenarekin. Herritarrek modu argian balioesten dute bere lan egiteko estilo arduratsua, gardena eta gertukoa.
Era berean, EH Bildu da udaleko jardunari dagokionean baloraziorik altuena duen alderdia.
Emaitzek agerian uzten dute azken udal hauteskundeetan EH Bilduri bozka eman ziotenetatik %90 asebeteta edo oso asebeteta agertzen da gure jardunarekin, berriro EH Bildu bozkatuko luketela adieraziz. Gainerako alderdien datuetatik nabarmen hobea da.
Ander Uriarte da, alkatearen gainetik, herriko liderren artean baloraziorik onena duena, alde nabarmenarekin.
Datu hauen balorazio positiboa egiten dugun arren, ez dugu autokonplazentzian erori nahi. Egiten ari garen lanean berresten gaituzte, eta are ardura gehiagoz betetzen gaituzte. Azken aldian, udaleko jardunean ere ikusten ari gara lokatza nahi dutela batzuek, baina ez gaituzte hor aurkituko. Egiteko eta ekiteko beste modu batzuk badaudelako, eta horiek aurrera eramateko prest gaudelako; nondik gatozen, zer garen eta nora joan nahi dugun argi dugu.
Beste gobernantza eredu baten beharra
Herritarrek argi adierazi dute beste gobernantza eredu baten beharra. Udal proiektu nagusiak galdeketen bidez, bozketen bidez edo auzoetan egindako prozesu irekien bidez garatu behar dira, aurrez erabakita eta itxita egon gabe, herritarrek aukera izan dezaten alternatibak proposatzeko.
Inkestak erakusten du herritarren benetako lehentasunak zeintzuk diren, hots, etxebizitza, auzoen mantenua, aparkalekua, zerbitzu publikoak eta gazteriaren aukerak. Gainera, aipatzekoa da etxebizitzaren eta aparkalekuaren inguruko kezkak gora egin duela, emaitzen arabera.
Kezka horietako bati erantzuten dio, hain zuzen ere, EH Bilduk 10 urtez proposatu izan duen Zelaietako parkinaren erabilera publikoak. Izan ere, urte luzez EAJk gure proposamena aurrera eramateari uko egin badio ere, aurrerantzean herritarrek aldizkako erabilera eman ahal izango diote.
Galdeketaren emaitzek agerian uzten dute herritarrak eredu politiko berri baten bila dabiltzala: gardentasun handiago baterantz, benetako parte-hartze baterantz eta lehentasun sozialei benetan erantzuten dieten udal politiketarantz.
Amorebieta-Etxanok benetan entzuten duen gobernu bat behar du, herritarrak argi ari zaizkigu bidea markatzen eta EH Bildu prest dago aldaketa hori herritarrekin batera gidatzeko, eta udal politika eguneroko beharrizanetara egokitzeko: auzoak zainduz, lehentasun sozialak lehenetsiz eta herritarren iritzia erabaki politikoen oinarri bihurtuz.



