Gerratik ihes!

Pandemiaren loraldi erasokorrak apurka beherantz egin duenean eta, nolabait eguneroko bizitzari irribarre bat eskaini diogunean, bestelako hondamendi batek eztanda egin du Europako bihotzean. Beste behin ere, Lurrak odolaren mintzoa dakargu. Beste behin ere Lurra liskar eremu bilakatu da, pertsonon arteko harremanean arerio. Historia zaharrean beste kapitulu berri bat, zaharretik asko izango duena, sustraiak sakon lurrean behera joko baitute eta berritik, berritik iragar daitekeena, jende andana ihesean, norabide zuzenik gabe eta izua begiradan.

Esan dezadan, aldez aurretik, herri orok bere defentsarako duen eskubide osoa eskura dituen baliabide guztiekin eta ez bakarrik interes zehatz batzuk jokoan daudenean etikaren amarrua muturrera eramanez. Kasu honetan boltxebikeekin bat nator, autodeterminazio eskubidea aldarrikatu baitzuten herri ororentzat, nahiz orain Errusiako “zar” berriak akats larritzat jo gertakizuna.

Adimena dudanetik ikusi ditut errefuxiatuak gatazka eremuetatik ihesean. Izan ere, duela aste batzuk Donostian Gervasio Sanchez gerra erreportariak egindako erakusketa bat ikusten egon nintzen, hots: emakumeek gatazka armatuetan jasaten dituzten indarkeria-ereduak. Ez zitzaidan arrotz egin ikusitakoa, baina bai aldi berean gogorra euren aurpegietara begiratzea. Ihesean doanak beti du interpelatzen duen begirada bat: “Zergatik niri?”, esango baligu bezala.

Desberdintasunetik berdintasunerako bidean gaude, baina oraindik desberdintasun asko egiten ditugu pertsonen artean eta, puri-purian dagoen gatazka honetan, diferentzia nabarmendu besterik ez da egin. Mendebaldeko gizarte honetan darabilgun moral bikoitzak, beste behin ere, argi utzi du diferente tratatzen ditugula herrialde bateko errefuxiatuak izan edo beste batekoak. Gure goiko haustarritik behera begiratzen ditugu errefuxiatu aunitz, bigarren mailako eginaraziz. Txirotasunetik ihesiz datoz edo euren herrietan eztanda egin duelako gatazkak, baina inolaz ere ez dira pobreak pertsona gisara beren sentimenduetan.

Arreta eman zidan duela urte batzuk europar Parlamentuan eurodiputatuek erakutsitako utzikeria,indiferentzia. Guztiz premiazkoa zen diru partida bat adostu behar zuten Afrikako herrialde batera bidaltzeko, goseteak zauri latza uzten baitzien bertako herrikideei, batez ere umeei eta emakumeei. Baina, asteburua zetorren eta parlamentariek premiazkoagoa ikusi zuten hegazkina hartu eta euren etxeetara bidaiatzea, ezinbestekoa zen diru partida adostu beharrean. Ez zitzaien asko inporta ehunka batzuk gehiago hil zitezen, arazoa urrun ikusten zutelako eta ez orain etxetik urran gertatzen ari den bezala.

Orain arazoa etxetik gertu ikusten da. Interes handiko lurraldea da Ukrainia, eta gure antza dute… xenofobia eta arrazismoa. Orain muga oro zabalik dute, aterpea zein elikagaiak ziurtatuta, azal zurikoak dira eta, jakina, gu bezala pentsatzen dute. Orain, historian lehenengoz, arau berriak onartu dira erosotasun maila bat eskaini ahal izateko.

Ez nago horren aurka, alde baizik, baina hipokresiak beste behin ere maila gorena jo du. Ikusi besterik ez dago nola tratatzen dituzten Melillako harresia igarotzen saiatzen direnak. Kolpeka hartu dituzte Espainiarat sartu ez zitezen. Hori da Europak aplikatzen duen “doble raseroa”, eta hori ezin daiteke onartu.

Eta begiko ikusten dut Ukrainiako erresistentzia armatzearekin, baina munduan zehar beste erresistentzia batzuk ere egon badaude euren herriaren alde borrokatzen direnak. Herri orok du defendatzeko eskubidea… ez dut ezer berririk esaten, baina beste behin ere ozen aipatu behar da gure erosotasunetik erraz ematen ditugula aholkuak eta ederki asko bi neurri desberdin darabiltzagula errefuxiatuak mailakatzerakoan.