Hogeita hamalau urte igaro dira Negu Gorriakek Herrera de la Mantxan bere lehen kontzertua eman zuenetik. Nik zortzi bat urte izango nituen orduan, eta, imajina dezakezuenez, adina oztopo, ez nuen bertan izaterik, baina ongi gogoratzen dudan gertakaria da. Bertan, hamar mila lagun inguru bildu ziren, orduan juxtu, garaiko Espainiako Gobernuak euskal presoekiko hasi berria zuen sakabanaketa politika salatu eta elkartasuna adierazteko. Ordutik hona, urte dexente igaro badira ere, nork esango zigun bai guri, bai Fermini, bere ibilbide musikalaren 40. urteaurrenean, oraindik ere elkartasun aldarri beharra zegoela eszenatoki eta kaleetan.
Egia da aurrera pausuak eman direla, nahi baino geldoago, zalantza gabe. Baina milaka bidaia, kilometro, motxiladun ume…eta gero, ETA-k bere jarduera armatua bertan behera utzi eta hamalau urtera, sakabanaketari amaiera ematea lortu dugu. Eta “lortu” diot, ez delako (hala beharko balu ere) berezko prozesua izan, gatazka gainditzea; elkarbizitza eta bakea helmuga dugun pertsona, elkarte, kolektibo eta eragileen etengabeko lanaren emaitza izan da, euskal gizartearena, hain zuzen ere.
Sakabanaketa, ordea, euskal presoei aplikatzen zaien salbuespen politikaren adibide bat baino ez da. Tamalez, salbuespen politika eta legediok oraindik ere indarrean darraite, terrorismoaren kontrako estrategiara bideratutako lege eta politikek, alegia; esan bezala, ETAk bere jarduera amaitzetik hamalau urte luze igaro badira ere. Horren adibide dugu, besteak beste, 7/2003 legea, bizi osorako espetxe zigorra ordezkatzeko aurreikusia, baita salbuespen auzitegi den Entzutegi Nazionala ere, edota gradu progresioak ekiditeko azpijokoak.
Gaur gaurkoz, 135 preso inguru daude espetxeetan, eta 20 euskal herritar inguru, iheslari eta deportatu artean. Aldiz, espetxe-legeria arrunta aplikatuko balitzaie, preso horien 3/4-ak baino gehiagok hirugarren gradua edota baldintzapeko askatasuna beregana lezake zigorraren erdia beteta duelako. Izan ere, horietako askok 20 urte baino gehiago daramatzate 30 urte arteko zigorrak betetzen. Bestalde, zigorren zenbaketari buruzko 7/2014 Lege Organikoaren duela gutxiko aldaketak ere ondorio berbera behar luke, eta hala desio eta exijitzen dugu.
Premiazkoa da, beraz, salbuespen politika eta legediak eraistea eta ordenamendu juridikoa gizartearen gehiengoaren eskarira egokitzea. Legea diskriminazioa baztertuz eta irizpide profesionalak kontuan hartuta betearaztea ezinbestekoa da. Eta horrela aldarrikatzen dugu eta aldarrikatuko dugu Urtarrilaren 11 an Bilboko kaleetan! Hala ere, fedegaberen batek edo gure inpartzialtasuna zalantzan jar dezakeenak jakin beza Entzutegi Nazionalean epaile izandako Baltasar Garzon jaunak ere esaten duela; eta, ez, ez da abenduaren 28a.

