Gure zabortegia

Beste modu batera izan ezin zitekeenez eta gutxi bagenu bezala, Zornotzako biztanleok ere badugu gure zabortegi partikularra, Lemoako Bistibieta auzoan, baina Kortederra auzo zornotzarraren ondoan.


2002an ireki zen hondakin geldoen eta inertizatuen zabortegi hori, eta urte asko daramatza kutsatzen eta usain txarrak eragiten. Bertan isuri ez denaz gain, egiaztatuta dago Prestige-ren txapapotea, “Behi eroak” erre osteko hondakinak eta erraustegien hondakinak zabortegi horretan daudela.

Kiratsa inguru guztietara zabaltzen da, Boroa auzora eta haizeak nondik jotzen duen gure herriaren erdiguneraino ere. Zornotza ibaia, zabortegiaren ondotik igarotzen den Ibaizabalen adarra, litekeena da kutsatuta egotea, zabortegi horretako lixibiatuen filtrazioak direla eta.

Zabortegi horrek arazoak sortu ditu hasieratik; izan ere, 2012an, Zornotzako Udalak zabortegiaren jarduera modu “aktibo eta eraginkorrean” ikuskatzeko eskatu zuen, eta, aldi berean, gure herriko bizilagunek jasaten zuten kiratsa bukatzeko “neurri zuzentzaile”ak jartzeko eskatu zuen.

Lemoako elkarte ekologista batek zabortegia ixteko eskatu zuen 2014an, eta Eusko Jaurlaritzak ezarritako neurri zuzentzaileak ez zituen bete. Urte horretan bertan, Zornotzako udalbatzak mozio bat onartu zuen, non neurri zuzentzaile berriak eskatzen ziren edo zabortegiko instalazioak kautelaz ixtea, usain txarrak zirela eta. Bizkaiko Batzar Nagusiek ere urte horretan bertan eskatu zuten zabortegi horrek sortzen dituen usain txarrak desagerrarazteko.

2020. urtean, usain txarrek jarraitzen dute, zabortegia gainezka dago eta 2023ra arte hondakinak isurtzen jarraitzeko lizentzia du.

Baina hemen ez da ezer gertatzen, Zaldibarren bezala pasatu arte, beti norbaitek hil behar al du (beti langile prekarioak) neurriak har daitezen? Zergatik ez du Urkulluk argazkia aterako zabortegiaren aurrean, enpresen inaugurazio guztiekin egiten duen bezala? Airearen eta uraren neurketa faltsuekin engainatzen jarraitzen dutelako?
Zergatik jarraitzen dugu babesik gabe pertsonok lehenengoak gu garela aldarrikatzen duten erakunde horien aurrean?