Ekai

“Bere buruaz beste egin du adingabe transexual batek Ondarroan” otsailaren 16an Berria egunkarian notizia hau irakurtzerakoan tristura eta nazka handia sentitu nuen.

Batetik, tristura bere amak hilik topatu zuelako Ekai. Guraso eta familiaren mina gurea ere bada. Zenbat oztopo daude gaur egun bakoitza den modukoa onartua izateko; Gurutzetako ospitalera heldu ez zen beharrezko tratamendua jasotzeko borroka, erregistroan izen aldaketa lortzeko borroka. Oztopo hauek eta gehiago Ekairentzat gehiegi izan ziren eta Ekairi ezin dio inork bizitza itzuli.

Bestetik nazka sentitu nuen konturatzekoan ze gizarte motan bizi garen. Borroka hau gizarte osoak galdu du. Hain aurreratuta bizi garen herrialde honetan zergatik ez dira jarri oraindik beharrezkoak diren baliabideak tragedia hau ez gertatzeko? Edo agintariek “progreso” deitzen duten horrek bakarrik balio al du AHTak eta errauskailuak eraikitzeko?

Umeen eta nerabe transexualen prozesua oztopoz betetako bidea izaten ari da eta gizarte anestesiatu honek ez du ulertzen egoeraren larritasuna. Heteroarauak eta binarismoak hil zuten Ekai, begirada dualista da kalte guztiak eragiten dituena. Pertsona guztiek libre izan beharko lukete nahi duten genero identitatea garatzeko. Aniztasuna erakutsi behar dugu, bai eskoletan, bai hedabideetan eta baita gizartean ere. Jaio aurretik eta jaio bezain laster, neska ala mutil galdetzen dugun bitartean, ez dago aurrerabiderik.