EH Bilduk jai-eredu berria eztabaidatzeko dokumentua landu du

Amorebieta-Etxanoko jaiak aldatzea eta berpiztea ahalbidetuko duen eztabaida bultzatzeko asmoz egindako txostena da. Jai-eredu berriak kontuan izan beharko lituzkeen oinarriak biltzen ditu eta egutegia aldatzeko edo txosnak eta eszenatokiak kokatzeko aukera ezberdinak proposatzen ditu, besteak beste.

Ez da dokumentu itxi bat. Gainerako udal-taldeen, gizarte eragileen eta herritarren ekarpenak jasotzeko landu den txostena da.  

Jai-eredua aldatzeko prozesua martxan da. Alderdi politiko guztiok adostuta, joan den otsaila eta martxoa bitartean, Amorebieta-Etxanoko Udalak galdeketa bat egin zuen zornotzarrek herriko jaiei buruz duten iritzia eta ekarpenak jasotzeko.

Bada, orain, EH Bilduk jai-ereduari buruz eztabaidatzeko dokumentu bat landu du, agiri hori gainerako udal-talde, eragile sozial, elkarte eta herritarrekin konpartitzeko asmoz.

Jaiak herritarrek herritarrentzat eginak izan behar dira. Ezberdintasunetik eta iritzi aniztasunetik elkarbizitza posible dela uste dugu. Instituzioko parte bagara ere, instituzioek bakarrik antolatutako jaien ereduarekin ez gatoz bat. Beraz, aniztasunetik eta elkarlanetik jai-eredu berri bat eraikitzeak batu eta ilusionatu egiten gaitu.

Hortaz, EH Bilduk azpimarratu nahi du aurkeztu duguna ez dela dokumentu itxi bat. Jai herrikoi, parekide, euskaldun eta parte-hartzaile batzuk izateko ezinbestekotzat jotzen ditugun oinarriak eta beharrizanak biltzen dituen txostena da.

Jaietako egutegia aldatzeko edo txosnak eta eszenatokiak kokatzeko aukera ezberdinak proposatzen ditu eta beste hainbat puntu jorratzen ditu: jai-batzordearen eta gazteen papera, parte-hartzearen garrantzia, programazioan mantendu beharreko ekintzak…

Amorebieta-Etxanoko jai-eredu berriaren izaera, egutegia, guneak edota programazioa eztabaidatzen hasteko txostena  gure webgunean duzue eskuragarri, ‘Dokumentuak atalean. Far-Farren eta Herriko Belatxikietan ere topatuko duzue.

Ekarpenak egiteko, jarri gurekin harremanetan emailez (zornotza.ehbildu@gmail.com), telefonoz (672 108 838) edo sare sozialetan (Facebook eta Twitter) ditugun perfilen bidez.