Amorebieta-Etxanoko Forjas Jauregiaren eraispenaren harira, EH Bilduren eta Elkarrekin Podemos-IUren adierazpena

Zornotzako EH Bilduk eta Elkarrekin Podemos-IUk batera salatu dugu Forjas Jauregiaren eraistea. Joan den urriaren 14an egin genuen agerraldi publikoa, bi koalizioetako Batzar Nagusietako ordezkariak ondoan genituela. Behean duzue adierazpena oso-osorik.

Amorebieta-Etxanoko Forjas Jauregia urriaren 7an hasi ziren eraisten, EAJren eta PSEren udal-gobernuaren baimenarekin. Eraikin historikoa zen, 20ko hamarkadan sortutako Forjas enpresaren bulegoak hartu zituena. Forjas erreferente bihurtu zen XX. mendeko industrializazio-prozesuan, eta hainbat belaunalditako zornotzarrek lan egin zuten lantegi horretan.

Eraikin horren interesa, aipatutako berezitasunaz gain, Zornotzako industria-iraganaren aztarna garrantzitsuenetako bat izatetik dator, gure herriaren garapenean eta hazkundean funtsezkoak ziren enpresetako bi gune berean kokatzen zirelarik, Izar eta Forjas.

Amorebieta-Etxanoko ondare historikoa zen eraikin baten eraispenaren salaketarekin honako hau adierazi nahi dogu:

1- Azken urteetan Forjas enpresaren bulego zaharrak hartzen zituen eraikina, VUSA eraikuntza-enpresaren esku egon da. 2017ko abenduan Forjen Jauregia eraisteko izapideak hasi zituen, eta 2020ko urrian Udaleko Hirigintza sailak horretarako baimena eman zion. Eraistea 2021eko urriaren 7an hasi zen.

2- Baimen hori emanda, EAJk eta PSEk ez zuten 2015eko Amorebieta-Etxanoko Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren aurrerakina errespetatu, Forjaseko eraikina ondare historiko izendatu zuena, eta, beraz, eraitsi ezin izango zena.

3- Era berean, baimen horrekin urratu egin da Eusko Legebiltzarrak 2019an onartutako Kultura Ondarea Babesteko Legea. Araudi horren arabera, erakundeek lehentasuna eman behar diote kultura-ondareak babesteari, enpresek edo herritarrek izan ditzaketen interes partikular eta espekulatiboen gainetik. Gainera, udalen esku uzten du kultura-ondarearen izendapena emateko eskumena.

4- Denbora daramagu egoera salatzen eta ondarea defendatzeko neurriak proposatzen, besteak beste:

• Eraikina babesteko eskaera egin genuen Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen Zuzendaritzan.
• Eskaera bera erregistratu genuen Batzar Nagusietan eta Udalean.

Laburbilduz, EAJren eta PSEren Udal Gobernuak Forjas Jauregia eraistea saihesteko alternatibak eta legezko tresnak izan ditu eskura, baina ez ditu erabili. Nahiago izan du eraikin historiko hori bertan behera utzi, ondare historiko izendatu eta Amorebieta-Etxanoko bizilagunen eskura jarri beharrean. Herritarren aurrean kudeatzaile on gisa aurkezten dira, baina herriak ezin dira ondare historiko eta kulturalak suntsituz eraiki.

Azken urte hauetan, Zornotzan etxe eta eraikin berezi ugari (Jauregibarriako posta-etxe zaharra, tren geltoki zaharra, Betarragako baserria, Iza alkate ohiaren etxea…) desagertu dira hirigintza-espekulazio hutsagatik edo ondarea babesteko udal-politika eskasa izateagatik, babes edo katalogazio berezirik izan ez arren, tokiko ondarearen parte ziren beren berezitasun eta interesagatik.