Altsasuko auzian bidegabekeriak ez du etenik. Espainiako Auzitegi Gorenak Altsasuko gazteen aurkako epaia eman berri du eta bederatzi urte eta sei hilabete arteko kartzela-zigorrak ezarri dizkie.
Injustizia honen harian, Unai Ormaetxeak hainbat bertso egin ditu. Orrialde honetan bildu ditugu guztiak:
Graziarik ez daukan
demograzi lana
gure etxeetaraino
zikin sartu dana ,
erabiliak gara
horixe da dana
ahaztu gabe guztioi
musu handi bana.
Altsasuraino dator
Espainiar koadrila
eredu izan nahi duen
zigorraren bila,
neurriz kanpoko diren
neurri-erantsi pila
gugan bazka bilatzen
beleunaldi hila.
Graziarik ez daukan
demograzi lana
gure etxeetaraino
zikin sartu dana ,
erabiliak gara
horixe da dana
ahaztu gabe guztioi
musu handi bana.
Hau da erokundea
hau soziolismoa
hau mendeku gosea
hau da zinismoa,
tranpa frogen gainetik
juzgatzera doa
betiko amarauna
betiko zuloa.
Graziarik ez daukan
demograzi lana
gure etxeetaraino
zikin sartu dana ,
erabiliak gara
horixe da dana
ahaztu gabe guztioi
musu handi bana.
Setiatua dauka
partxeak begia
injustizia ‘justuak’
gatibu egia,
hau sutuazioa
hau erokeria;
nortzuena da botere
gehiegikeria?!
Bertsoak: Unai Ormaetxea
Doinua: Insumisoarena (Oskorri)