Zornotzako EH Bilduren irakurketa, Espazio Publikoaren Ordenantzari jarritako errekurtsoaren ebazpenaz

Joan den ostiralean, iaz Zornotzako EH Bilduk EAJ-PSE udal gobernuak onartutako Espazio Publikoaren Ordenantzari jarritako errekurtsoaren ebazpenak legezkotzat jo du ordenantza. Hala ere, udal talde subiranistak uste du hura onartzeko prozesuan herritarren parte hartzeko eskubidea urratu zela eta legeak exijitzen dituen txostenak ez zirela garaiz aurkeztu.

Iazko uztailean, Zornotzako EH Bilduk EAJ-PSE udal gobernuak onartutako Espazio Publikoaren Ordenantzari errekurtsoa jartzea erabaki zuen, hura onartzeko prozesuan herritarren parte hartzeko eskubidea urratu zela eta legeak exijitzen dituen txostenak garaiz aurkeztu ez zirela iritzita. Izan ere, koalizio subiranistari ez zaio iruditzen parte hartzea tabloian iragarkia jarrita bermatu daitekeenik, eta hori izan zen udal gobernuak herritarrei eman zien bide bakarra. Halaber, genero inpaktuko txostena ez zuten hasieratik espedientean sartu.

Joan den ostiralean, ordea, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegiak ebazpena eman zuen legeak ezarritako gutxienekoak bete zirela adieraziz. Hala ere, Zornotzako EH Bilduk argi utzi nahi du gaitzespen juridiko ezak ez duela egitatea, nahitaez, zilegi bihurtzen, izan ere, toki administrazioek gardentasunaren bermatzaile behar dute izan eta herritarren parte hartzerako berehalako bide.

Zornotzako EH Bilduk argi utzi nahi du ez duela ordenantzaren legezkotasuna auzitan jartzen. Ordenantza legezkoa izan daiteke, baina, horrek ez du esan nahi onargarria denik, herritarren parte-hartzerik gabe onartu baita. Udalak gardentasuna eta benetako parte-hartzea bermatu behar ditu, eta hori izan da errekurtsoaren funtsa

Halaber, EH Bilduk gogorarazi nahi du epaitegietara jotzea erabaki zuenean ondo zekiela ebazpena aldekoa zein kontrakoa izan zitekeela. Baina, herritarren borondateari erantzutea erabaki zuen, zornotzarrek hasiera-hasieratik agertu zutelako ordenantzarekiko desadostasuna, plataforma bat eratzeraino, baita mobilizazioak egin ere.

Horregatik, Zornotzako EH Bilduk ulertu gabe jarraitzen du zein zentzu daukan herritarrengan eragin zuzena izango duen ordenantza bat herritarrak kontuan hartu gabe eratzeak; hain zuzen ere, hori izan da araua epaitegietara eramateko arrazoi nagusia, hots, udal gobernu honen inposizio eta inpunitateari mugak ezartzea. Izan ere, koalizio subiranistak azpimarratu du herriaren nahi eta beharrei erantzun nahi izan dietela, interes propio edo partidisten gainetik.

Hori dela eta, Zornotzako EH Bilduk argi ikusten du herri honek aldaketa beharrezkoa duela, «bere subiranotasunean eta borondatean oinarritutako herri batean sinesten dugulako, guztion artean eraikitako herri batean, atxikipen politikoetatik harago doan herrian, alegia». Ildo beretik, azpimarratu dute etorkizunean ere, orain arte egin bezala, herriaren beharrei erantzutea izango dutela haien jardunaren ardatz.

Ebazpenaren nondik norakoak

Helburu horiek izan ziren ordenantza errekurritzeko erabakia bultzatu zutenak, bi argudio baliatuta: lehena, ez zela kontsulta publikorako tramite edo izapidea bete; bigarrena, genero inpaktuko txostena espedienteari garaiz atxikitu ez izana.

Kontsulta publikoari dagokionez, epaiak adierazi du legeak aurreikusitako minimoak bete direla. EH Bilduk argudiatu zuen badaudela sententzia ugari diotenak kontsulta publikoa egin beharra ez dela betetzen ordenantza bat eratuko dela webgunean edo iragarki tabloian soilik publikatzearekin. Beste epai horien arabera, herritarren benetako parte hartzea bermatu behar da. Hala ere, bestela iritzi du epaileak, iruditu baitzaio minimo legala bete dutela tabloian jarritako iragarpenarekin.

Genero inpaktuko txostenari dagokionez, Zornotzako EH Bilduk zegokion momentuan espedientean sartu ez izana salatu zuen. Epaitegiak, ordea, geroago aurkeztu izana baliozkotzat jo du, argudiatuta genero inpaktuko txostena berandu jaso arren, ez doala ordenantzaren edukiaren kontra. EH Bilduren esanetan ordea, txostena berandu jaso izanak, hots, alegazio epea bukatuta, honen edukiarekiko alegazioak egitea ekidin du, herritarrengan babegabezia eraginez. Aipatzekoa da, gainera, kexa honen ondoren, udal gobernuak onartutako beste ordenantzetan txostena garaiz jaso duela.

Horregatik guztiagatik, Zornotzako EH Bilduk berretsi nahi du EAJ-PSE udal gobernuaren jarduteko moduak ez diela herritarren beharrei eta nahiei erantzuteko borondaterik adierazten.