UDABERRIA vs. ETXEAN GERATU!

Urtaro bat bada non naturak agertzen duen bere ahalduntzea eta eraldatzeko indarra, horixe da udaberria. Kolore anitzen eztanda, eguneko argiaren bizia edota eguzki izpien sarkorra… udaberria eta etxean gatibu geratu beharrak kontraesana lirudike, hain zuzen oximoron bat (termino arteko kontraesana), baina pandemia batek derrepente gizartea kartzela handi bat bihurtu du bertan bizi garenok preso hartuta.

Duela hilabete eskas pentsaezina zitzaigukeen mundu mailako pandemiarik sortu zitekeenik ere, egoera erraldoi berri bati aurre egin beharko geniokeenik. Eta di-da batean hemen aurkitzen gara etxeetan konfinatuta eta egunerokoa antolatu beharrean. Suposa daiteke hasiera batean harridura izango dela pertsona ororen sentimendua, gerora noraeza eta amorrua, tupustean sortu zaigun egoerari nola demontre egin behar zaion aurre jakin ez dakigularik.

Iragan mendeko 68ko maiatzaren matxinadak utzi zigun leloetako bat “irudimena boterera” izan zen. Belaunaldi errebelde bateko ikurra bezala hartu zen: “Izan gaitezen errealistak, eska dezagun ezinezkoa” eta orain ere horrelako zerbait aplikatzea egunerokoan ondo etor litzaigukeelakoan nago.

Holako egoera batean pertsona nagusiak eta haurrak izango dira zafratuenak. Espazioak txikitu, mugimenduak murriztu. Pertsona nagusiei eguneko orduak luze joango zaizkie, asperdurarako ordu luzeak izango dituzte eta ez da izango erraza ordurarte izan duten egunerokoa apur bat eraldatu eta arreta bestelako zeregin batzuetan ipintzea. Ordea, guztiz kontrakoa gertatuko zaie haurrei, hauek ordu bakar batean gauza asko egiteko gai dira, energia soberan dutelako, eta eguneko ordu guztietan gauza ezberdinak egiteko gurasoak sormen eta asmakizun nahiko beharko dute izan denboraren joate geldo hori entretenigarri bilakatzeko.

Nago, espazio murritzetan egunerokoari euste horretan zerbait badakigula. Esango nuke planteamendu okerra dela pentsatzeak egoera honek zenbat iraungo duen. Preso dagoenak ez du pentsatzen 30 edo 40 bete behar dituenik kartzelan. Izan ere, pertsonari ezinezkoa zaio jakitea zer den hori. Pentsamenduan denbora tarte laburrak landu behar dira. Nahiko dugu gaur bertan egin behar dugun hori nolabait barneratuta badugu eta ez dago zertan, arau derrigortu bezala, zerbait egin beharrik ere.

Akaso, denbora entretenitzeko denbora dugunez, hauek egun ezin hobeak izan daitezke norbera norberaren baitan barneratzeko, denbora hartu bizitzaren zentzuaz kalakatzeko norberaren baitara. Denboraren iragaite horretaz kontziente izan eta gozatu bere horretan. Eguneroko errutinak, askotan, nazka-nazka eginda digu eta orain abagune ezin hobea dugunean beste era batetara funtzionatzeko ez dakigu denbora probesten edo denbora izateak urduri egotera eraman gaitzake.

Esango nuke oraintxe bertan herrietako pisu-bloke askok eta askok kartzelako patio askoren antza dutela. Braustakoan, batek musika aparailua topera ipintzen du, blokeko etxe orotan berak entzun nahi duen musika gustuko izango balute. Jakina, gazteak izaten dira, baina ez dira kontziente edo, okerrago, kontziente izanik errespetu falta handia agertzen dute. Etxe bakoitzean, bakoitzak izan dezake nahi duen jarrera baina auzokoa errespetatuz.

Pandemiaren alerta eman zenetik, jada aste batzuk joan dira eta dagoeneko uste dut pertsona gutxi batzuek sinetsi dezaketela oraingoz birusaren sorburua naturan bertan dagoela. Esan dezagun ozen eta argi hau kapitalak sortutako birusa dela, gizarte bi modeloen arteko talkan sortutako gerra bakteriologikoa eta ekonomia bakarrik helburua duena, hots, etekina.

Mundu mailako gertaera honekin kapitalismoaren beste orden berri bat ezarri nahiko digute. Salbuespenak, egongo badira ere, umeak eta gazteak arriskutik kanpo daude lan mundura geroago hurbilduko baitira. Alta, pertsona nagusiak ditu jomugan. Dagoeneko lan munduan ez dute produzitzen eta bai, ordea, etekinak jaso (pentsioak). Hori kapitalismoarentzako jasanezina da. Pertsona nagusiek ez dute kontsumitzen behar adina eta ekarpenetik iraganeko kontuak besterik ez dira. Pentsionista guztiak hilko balira diru asko aurreztuko litzateke. Pertsona nagusiek ondoegi eta askotxo bizitzen ari dira eta hori munduko ekonomiarentzat arriskutsua da. Ondorioa: Al capital le importamos un carajo!

Oraingo gertaera honek mundu osoa astinduko du eta horretarako prestatu behar gara. Dagoeneko deus ez da izango aurretik zegoen bezalakoa. Irudimen boteretsu bat landu behar dugu, irudimen zabala, ohitura zaharren lozorroa inarrosi egingo duena keinu kritiko bat erantziz. Baliteke iraultza sozial bat ez erdiestea, baina ezinbestekoa zaigu aldaketa kultural bat geure usadioak eraldatu egingo dituena.

Ezin dezakegu gehiago segitu geure bizitzeko moduan etekinen eskailera ero bat bailitzan. Ezin gaitezke ibili egun kontsumorako darabiltzagun neurrietan. Guzti honek aldaketa sakona eskatzen du, ez bakarrik formetan, batez ere edukietan eta horretarako errebeldia berria sortu behar dugu Asko dugu egiteko desobedientzia zibila kontutan hartzen badugu, asko berrasmatzeko, asko auzolan kontzeptua eguneratzeko…

Baina ez gaitezen engaina, egun indarrean dagoen sistemaren amarruak indartsuak dira. Ez da horren erraz eroriko eta gehiago dena, baliabide eta lanabes nahikotxo ditu datorkion pultsoari eusteko. Hasi barik ezin daiteke jakin labur edo luze joan daitekeen, baina hastera derrigortuta gaude beste mundu posible bat eraiki gura badugu. Irudimena, kemena borrokarako eta kapitala-patronalaren aurka ahalduntzearen garaipena ezinbestekotzat jo behar ditugu. Irudimenak estu hartu behar du boterea, ahalduntzea ikur hartuta eta borroka lanabes.

Kontzientzia gaitezen zerbait berriaren aurrean gaudela. Haize freskoa sartuko da leihotik, baina gutako bakoitzari asko eskatuko digu. Ez dezagun utzi soma daitekeen aukera berri hau pasatzen. Beti da hobe zerbait egitea etxean geratzea baino. Mugitzen ez dena, etengabeko akatsean sartuta baitago.