EH Bilduk urteetan proposatu bezala, Zelaietako parkinari izaera errotatiboa eman dio Udalak, baina pribatizatuta dagoenez, herriak ordainduko du

Begi onez ikusten dugu Udalak, EH Bilduk urtetan proposatu bezala, Zelaietako parkinari errotazio izaera ematea onartu izana. Hala ere, azpimarratu nahi dugu pribatizatutako espazioa izanik, herriak garesti ordainduko duela berez publikoak diren lurretan aparkatzeko aukera izatea.

Zornotzako Udalak iragarri du abenduaren 9tik aurrera Zelaietako parkinaren lehen solairuko 150 plazak errotazio-izaerarekin funtzionatuko dutela, gehienez 3 orduko egonaldiarekin eta goizeko 7:00etatik gaueko 22:00etara. Plazen jabeek beren espazioak mantenduko dituzte.

EH Bildutik neurri hau begi onez ikusten dugu, izan ere, instituzioetan gaudenetik proposatu dugun neurria da, eta gure programa elektoraletan ere behin eta berriz jaso duguna. Poztekoa da herrigunean mugikortasuna errazteko urratsa ematea.

Baina ezin dugu Zelaietako parkinaren historiko gordina estali, gaur egungo egoera baldintzatzen duena:

Izan ere, azpiegitura publikoa 100 urterako esku pribatuetara utzi zen. Duela bi hamarkada, Udalak —EAJ-PNVk— udal ondare publikoa zen espazio hau mende oso baterako enpresa pribatu baten esku utzi zuen. Erabaki horretan dago gaur egun ditugun muga eta zailtasunen jatorria.

Hori dela eta, udalak urtean 100.000 eurotik gora ordaindu beharko du hartu berri duen neurria. Errotazio-plazak martxan jartzeko, Udalak 100.000 eurotik gora ordaindu beharko dizkio urtero espazioaren erabilera baimentzen duen enpresa pribatuari. Hau da: jatorriz publikoa zen espazio bategatik berriro diru publikoa jarri beharko da, soilik hiru orduko erabilera ahalbidetzeko.

Egungo baldintzekin, hurrengo hamarkadan milioi bat eurotik gora ordainduko dira kanon honetara. Datuek argi uzten dute pribatizazio historiko hark herriarentzat duen kostu erreala: urteak igaro arren, Zornotzak ordaintzen jarraitzen du.

EAJ-PNVren kudeaketa ankerra eta negargarria da. Egoera honek berriro erakusten du azken urteetako gobernu eredua: ondare publikoa pribatizatu, eta gero herritarrek beraien diruarekin ordaindu behar izatea zerbitzu publikoa berriz eskuratzeko. Kudeaketa hau herriaren interesen aurkakoa izan da.

Laburbilduz, EH Bildutik adierazi nahi dugu pozik gaudela errotazio-plazak martxan jartzearekin, gure herriaren dinamizazioan eta irisgarritasunean lagunduko duelako. Halaber, kezka eta salaketa politikoa agertzen ditugu ondare publikoaren pribatizazioak herriarentzat sortzen dituen kostu handien aurrean.

Era berean, adierazi nahi dugu konpromiso irmoa dugula ondare publikoa babesteko, eta etorkizunean udal kudeaketa gardenagoa, arduratsuagoa eta herritarrei begirakoa defendatzen jarraituko dugula.