Marilu Uriak epaiketa irabazi dio Foru Aldundiari eta eguneko zentrora itzuli ahal izango du

Auzitegiek Marilu Uriari arrazoia eman eta Bizkaiko Foru Aldundia Nafarroa Eguneko Zentroan duen plazara itzultzen uztera behartu du. Zornotzako EH Bildutik erabaki hau txalotu eta Marilu zein familia zoriondu nahi dugu.

Marilu Uriaren kasuari buruzko sententziaren irmotasunaren berri izan dugu eta Zornotzako EH Bilduk auziaren inguruko irakurketa partekatu nahi dugu. Marilu Down sindromedun gure bizilaguna da, eta Bizkaiko Foru Aldundiak aginduta, Amorebieta-Etxanoko Nafarroa Eguneko Zentroko bere plazatik aldarazi nahi izan dute bere adina (67 urte) aitzakia hartuta eta, zentroko profesionalen esanetan, Mariluk bere ingurunearekin duen lotura sakona, bere lotura emozionalak, bere eguneroko errutina hausteak bai eta bi hamarkada baino gehiagoz bere bizitzaren parte izan diren pertsonengandik aldentzeak eragin liezazkiokeen ondorioak aintzat hartu gabe.

Epaiak Mariluren eskaera erabatean onartzen du; Bizkaiko Foru Aldundiak hura Nafarroa Eguneko Zentrotik ateratzeko hartutako erabakiak baliogabetu, eta bertan jarraitzeko eskubidea duela aitortzen dio, zentroan berriro onartzeko aginduz.

EH Bildun, poz eta emozioz jasotzen dugu ebazpen hau. Jakitun gara puntu honetara iristeko bidearen zailtasun, sufrimendu eta ziurgabetasunaz eta, hain zuzen ere, horregatik nabarmendu nahi dugu Marilu eta haren familiak erakutsi duten duintasuna, ahalegina eta indarra. Haren familiak neka-neka egin arte borrokatu du erabaki instituzional bidegabe baten aurka, oztopoz beteriko bidea zeharkatu behar izan du, auzitegietaraino iritsiz, helburu bakarrarekin, Mariluri dagozkion eskubideak aldarrikatu eta bere ongizatea bermatzearena, alegia. Dena kontra ere ez dute amore eman eta ebazpen honek, nolabait, borroka hori ere aitortzen dio Marilu eta haren familiari.

Hala ere, garaipen honen atzean errealitate instituzional oso kezkagarria izkutatzen da. Bizkaiko Foru Aldundiko gizarte sailak familia bat legezko neurriak hartzera behartu du, berez zegokiona lortzeko. Diskurtso ofizialek pertsonak politika publikoen lehentasun absolutu direla aldarrikatzen duten bitartean, kasu honek agerian utzi du pertsonak ez diren beste interes batzuk gailendu direla, norbanakoaren ongizate emozionalaren, lotura pertsonalen eta pertenentzia-sentimenduaren gainetik.

Administrazio-zurruntasun horrek zaintza-eredu baten inguruan hausnartzera ere bultzatzen gaitu; gero eta gehiago externalizatzen eta merkantilizatzen ari den eredua da. Sistema horrek, norbanakoaren eskubideak errentagarritasun-irizpideen eta zaintza-plazen kudeaketaren mende geratzea dakarte, pertsonaren beraren beharrak eta bizi-helburuak erdigunean jarri beharrean.

Era berean, prozesu osoan zehar Amorebieta-Etxanoko udal-gobernuak izan duen inplikazio falta azpimarratu nahi dugu. Tokiko administrazioak behin eta berriz erabili du eskumenen banaketa aitzakia modura bere erantzukizun instituzionalari muzin egiteko. Marilu gure bizilaguna da ordea, eta udal-erakundeek herritarrak babesteko eta defendatzeko gune ere izan behar dute, are gehiago pertsona horiek egoera eta posizio ahulean daudenean.

Bestalde, Nafarroa Eguneko Zentroko profesionalei gure aitortza eta esker ona adierazi nahi genieke. Haien Marilurekiko eta gainontzeko erabiltzaileekiko profesionaltasun gizatasuna eta konpromesuagatik.

Egun, Mariluk bere etxe gisa sentitzen duen horretan jarrai dezake, maitatzen dituen eta hainbeste urtez bere ondoan egon den bigarren familia horrez inguratuta. Zorionak eta eskerrik asko Marilúri eta haren familia osoari, amore eman ez izanagatik, erakutsitako duintasunagatik eta eskubideak azken unera arte defendatu behar direla gogorarazteagatik.

Leave a comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude