EAJ-PSE udal gobernuak kirol plana aurkeztu du eta EH Bilduren ustez, benetako kirol plana beharrean, instalazioak berritzeko eta hobetzeko ekimen multzoa da. Leioako Waterpolo taldeari igandeetan igerilekua erabiltzen uzteko akordioa talde politikoei abisatu gabe egin izana kritikatu du EH Bilduk.
EH Bilduk EAJ-PSE udal-gobernuak aurkeztutako kirol-planaren inguruko balorazioa partekatu nahi du. Premisa argi batetik abiatzen gara: aurkezten zaiguna ez da benetako kirol-plana; aitzitik, instalazioak berritu eta hobetzera bideratutako ekimen isolatuen multzoa baino ez da.
Urgozo, gimnasioaren handitzea, Txolonen eraberritzea eta padel-pistak aipatzen dira. Ekimen horiek baliagarriak diren arren, bere horretan ez dute gure udalerrirako kirol-estrategiarik osatzen.
Urgozo proiektua denbora da iragarri zela, baina gaur egun berriro ere sustapen-tresna eta propaganda politiko gisa erabiltzen ari dira. Hala ere, funtsezko galderak erantzun gabe daude: nola erabili ahal izango dute espazio hori Amorebieta-Etxanoko hiritarrek, kirol-klubek eta taldeek? Zer irizpide erabiliko dira ordutegiak esleitzeko? Beharra duten erakunde guztiek izango dute sarbidea ala baliabide hori gutxi batzuentzat soilik izango da? Zein berme daude oinarrizko kirolarentzat? Instalazio bat iragartzea soilik ez da nahikoa.
Gauza bera gertatzen da udal gimnasioaren handitzearekin, Txolonen eraberritzearekin eta padel-pistekin. Paradoxikoa da instalazio batzuek orain eraberritzeko beharra izatea; orain arte mantendu eta kudeatu ez direnean.
Obrak iragartzen diren bitartean, erabiltzaileek eta klubek kexak helarazten jarraitzen dute espazio faltagatik, instalazioetara sartzeko zailtasunengatik, ordutegi eskasagatik eta dagoen kirol eskaera guztiari erantzuteko arazoengatik.
Errealitate honen aurrean, EH Bildutik jakin nahi dugu: non dago herritarren kirol-beharren inguruko azterketa? Non daude egungo eta etorkizuneko eskariari buruzko datuak? Non jasotzen dira kluben, hezkuntza-zentroen, erabiltzaileen eta espazio, ordutegi edo baliabide faltagatik kirolean parte hartu ezin dutenen beharrak?
Benetako kirol-plan batek entzutean, azterketan eta plangintzan izan behar du abiapuntua, eta ez eraikuntza-proiektuen iragarpenean. Kirolean parte hartzea sustatzeko neurri zehatzak falta zaizkio udal gobernuaren planari, bereziki haurren, gazteen eta adinekoen artean. Oztopo handienak dituztenei kirolerako sarbidea erraztuko dieten plan eta proposamenak behar ditugu, ohitura osasungarriak sustatuko dituztenak eta kirola jarduera fisiko huts gisa ez ezik, gizarte-kohesiorako, ongizaterako eta berdintasunerako tresna gisa ulertuko dutenak.
Era berean, generoaren, intersekzionalitatearen eta desgaitasunaren ikuspegia falta du planak. Ez da nahikoa berdintasunaz modu orokorrean hitz egitea; dauden desberdintasunak identifikatu, neurri zehatzak ezarri eta guztiek kirol-jardueretan parte hartzeko eta horietaz gozatzeko aukera berdinak dituztela bermatu beharra dago. Genero-berdintasun materiala bermatu behar da eta horretarako ezinbestekoa da aztertzea emakumeen eta gizonen parte-hartzea kirol-diziplina ezberdinetan, instalazioak erabiltzeko eta ordutegiak ezartzeko dauden desberdintasunak identifikatzea, bai eta emakumeek kirolean parte hartzea oztopatzen duten hesiak seinalatzea ere, besteak beste. Askotariko genero-identitateak ere kontuan hartu behar dira, kirol-gune inklusiboak, seguruak eta diskriminaziorik gabekoak bermatuz.
Berdintasunak, desgaitasuna duten pertsonak ere barnebiltzen ditu. Zein neurri zehatz jasotzen ditu plan honek haien kirol aukerak bermatzeko? Egin al da ebaluaziorik egungo instalazioak benetan irisgarriak diren eta behar fisiko, sentsorial, intelektual edo kognitibo desberdinetara egokituta dauden jakiteko? Ba al dago planik espazioak, ekipamendua, aldagelak eta kirol-materiala egokitzeko? Ba al dago jarduera egokituen eskaintzarik eta behar horiei erantzuteko prestakuntza espezifikoa duen langilerik? Entzun al dira desgaitasuna duten pertsonak eta haien familiak?
Irtenbide integralik eza
Udal gobernuaren planak ez du konponbide integralik aurreikusten espazio eta instalazioen eskuragarritasunaren arazoari irtenbidea emateko. EH Bilduk ezinbestekoa irizten dio herritarren kirol-beharrei buruzko azterketa sakona egiteari, eta dauden instalazioak nola erabili, berrantolatu eta optimizatu daitezkeen aztertzeari.
Horrek ez du esan nahi instalazio berriak eraikitzearen aurka gaudenik -gure herri programan espazio berrien beharra aurreikusia dago-, baizik eta uste dugula erabakiak zuhurtziaz hartu behar direla, datuetan eta plangintza arduratsuan oinarrituta.
Era berean, kirol-instalazioen kudeaketari ere heldu behar diogu zuzenean. Jakina da kexak daudela sarbide-zailtasunen eta eskari osoari erantzuteko ezintasunaren inguruan eta zerbitzuak pribatizatzeak egoera are gehiago larrizten du. Egoera hori ezin hobeto islatzen duen adibide berri bat dugu: Leioako Waterpolo Klubari Larrea kirol-guneko instalazioak erabiltzeko baimena ematea, bertan partidak jokatu ahal izatejo. Akordio horrek kirol-gunea igandeetan ohiko goizeko ordutegitik harago irekitzea dakar, baina Leioako klubaren erabilerarako soilik.
Ez gaude kluben arteko lankidetzaren, elkarri laguntzearen edo kirol-erakundeen arteko elkartasunaren aurka, hori guztia positiboa da. Hala ere, gogorarazi behar dugu Amorebieta-Etxanon kirol-instalazioen gabezia dagoela jada, eta herritarrek behin eta berriz eskatu dutela Larrea kirol-gunea igandeetan ordutegi zabalagoan irekitzea. Nola justifikatu daiteke ordutegia luzatzea kanpoko klub baten beharrak asetzeko, gure herritarren eskaerak, aldiz, aintzat hartu gabe uzten diren bitartean?
Akordioa Leioako Udalarekin, talde politikoei jakinarazi gabe
Gainera, akordio hori herritarrei kontsultatu gabe eta Udaleko gainerako talde politikoei jakinarazi gabe itxi da. Beste behin ere, bide ez-ofizialen bidez izan dugu horren berri. Deigarriena da, ordea, gaiari buruz arduradunari galdetu genionean ezer ez zekiela erantzun izana, nahiz eta ordurako Leioako Waterpolo Kluba gure instalazioak erabiltzen ari zen. Jakitera eman zaigunez, Amorebieta-Etxanoko eta Leioako alkateek aldebakarrez hartutako akordioa izan da hau.
Hori ez da jarduteko modu egokia. Udal-instalazioen erabilerari buruzko erabakiak gardentasunez hartu behar dira; talde politikoek informatuta egon behar dute, eta herritarren beharrak kontuan hartu behar dira. Ezin dira instalazio publikoak erabili, erabileraren baldintzak argi eta garbi zehaztu eta formalizatu gabe.
Beste funtsezko galdera bat ere erantzunik gabe geratzen da: nork bereganatuko ditu erabilera horretatik eratorritako kostuak? Nork ordainduko ditu ekipamendua, hornidurak eta instalazioen mantentze-lanak, baita kiroldegia irekitzeko eta martxan jartzeko behar den langileria ere? Zein baldintzatan emango da zerbitzu hori, eta nola arautuko da? Izan ere, Leioako kluba instalazioak erabiltzen hasi bada ere, gaur-gaurkoz —eskura dugun informazioaren arabera— ez dago gai horiek jasotzen dituen akordio formal eta behin-betikorik.
Beraz, kontua ez da kirol-arloko lankidetza bera zalantzan jartzea, baizik eta lankidetza hori plangintza egokiarekin, gardentasunez eta bermeekin gauzatu behar dela azpimarratzea. Lankidetzak ez du arriskuan jarri behar Amorebieta-Etxanoko bizilagunek beren instalazioak erabiltzeko duten aukera, ezta justifikazio argirik gabe haiei dagozkienak ez diren kostuak beraien gain utzi ere. Instalazioen erabilera eta edukiera handitzeko asmorik badago, hori komunitate osoaren mesedetan egin behar da, irizpide publiko eta gardenetan oinarrituta eta sektoreko langileen eskubideak behar bezala errespetatuz; ez talde jakin batzuen beharrei soilik erantzunez edo kudeaketa pribatizatuaren errentagarritasunari lehentasuna emanez.
Amaitzeko, proposamen hau prestatzeko moduari erreparatu nahi diogu. Amorebieta-Etxanoko kirolaren etorkizuna zehaztu nahi duen plan batek ez luke izan behar udal-gobernuak alde bakarrez diseinatutakoa ez eta negoziaezina den proiektu gisa aurkeztutako ekimena. EH Bilduren ustez, benetako kirol-plan bat talde politiko guztiekin elkarlanean eraiki behar da, klubak, erabiltzaileak, langileak eta herritarrak entzunez eta gu hortarako prest gaude eta udal gobernuari hortarako gonbita egiten diogu.

