Kaleak arriskutsu?

Ondo dakigu kaleak betidanik izan direla arriskutsu emakumeentzat eta LGTBIQ kolektiboentzat, batez ere, gaueko ez ohiko orduetan. Ez dugu urrun joan beharrik, gure herrian bertan, azken egunetan eraso homofobo eta eraso matxista bat gertatuak izan direlako. Halaber, berriki jakin izan dugu Asturiaseko hiriburuan gazte talde batek bi neska bortxatu egin dituela, bat Euskal Herrian sortutakoa.

Pertsonok geure berdintasunetik desberdintasun hainbat azaleratu ditzakegu, eta desberdintasun bakoitza aske bizitzeko eta jorratzeko aukera izan beharko genuke, baina oraingoz horrelakorik ez da posible pertsona guztiok desberdin izate-sentitze hori ez dugulako berdin ulertzen, eta are txarrago, desberdin den hori jazarri eta jipoitu egiten dugulako.

Larria da oso erasoak nerabez osaturiko talde batek burutzea kasu askotan. Larria da oso, zer pentsatzea ematen duelako eta ematen ari gatzaizkien hezkuntza erdigunera dakarrelako.

Gaia behin eta berriro azaltzen da hedabideetan, behin eta berriro denon ahoetan, baina ezer gutxi asmatzen dugu gaitza errotik erauzteko edo bitartekoak ipini hori horrela gertatuz joateko. Gehiago ematen du dagoeneko ohiko egin zaigun “errotonda” batean biraka gabiltzala irtenbiderik asmatu ezinik edo, okerrago, nahi ez dugu asmatu geure edo bakoitzaren moralitateak talka egingo lukeelako berdintasunetik desberdintasun bakoitza errespetatu egiteko bide horretan.

Beste behin ere, indarrean dauden paradigmak bizi-bizirik diraute.

Elbarritu emozionalak garen heinetik, ez baitigute horrelako irakasbiderik eman, izan gaitezke ere elbarritu sexualak, inon ez baitago oraindik sexualitatea aske bizitzeko irakasten duten plangintza eskolarik. Eta hori gabezia handia dela deritzot.

Irakaslegoa formakuntzarik gabe egonik, ezer gutxi egin dezake transmititu behar duen horretan. Tabua izaten segituko du denbora luzez eta nerabeek beste leku batzuetan kontsumitu beharko dute eskoletan ikasi beharrekoa, eta beste toki horiek badakigu moraletik oso gutxi dutela eta askotxo patriarkatua fomentatzen duten zutabeetatik. Horixe da kontua, horixe da dugun panorama.

Jakina, pedagogia feminista egin beharra dago, aniztasuna berdintasunetik bizitzen ikasteko. Beste begiratzeko modu bat landu behar dugu.

Irakurri berri dut Olinpiar Jokoetan lehen aldikoz transexuala den pertsona batek parte hartuko duela. Gai potolo batentzat urrats txikia, zeren egon badaude estatuak Europako Batasunean LGTBIQ komunitatearen aurka legeak onartzen dituztenak, eta horrek eskubide urraketa dakar, urraketa mingarriak.

Badago zer borrokatu, kaleak eta gauak pertsona guztien orube eta zerumuga izan daitezen, bakoitzak nahi bezala bizitzeko, sentitzeko eta gozatzeko. Badugu zer egin hainbat eremutan, lengoaiaren esparrutik hasita.

Esaten duguna, pentsatzen dugulako da. Bakoitza bere barruko hiztegitxora doa hitzak sartzen eta sartutakoa jaulki daiteke astakeria handiena bada ere, aurrean dugun pertsona mindu egiteraino. Oraindik ez dira amaitu legaltasun bako festa hauek eta, nahiz ordutegi murriztua izan, gaua denontzat izan dadila aniztasunetik berdintasunera!