“Hirigintza eredua aldatu behar da, funtzionaltasuna lehenetsiz eta gure ondarea babestuz”

Gaizka Esparza EH Bilduko zinegotzia.

Gaizka Esparza EH Bilduko zinegotzia.

Gaizka Esparza Hirigintza, Iraunkortasuna eta Zerbitzuen zinegotziarekin egindako solasaldi honetan hainbat proiektu zertan diren aztertu dugu, hala nola Urgozo kiroldegiaren eraikuntza, Tantorta auzoaren eraberritzea edo Larrako bidegorria. Halaber, Udal Gobernuak larrialdi klimatikoaren aurrean neurririk hartzen ez duela kritikatu du.

-Konturatu barik, laster bi urte egingo dituzu zinegotzi moduan. Zer azpimarratuko zenuke Hirigintza Batzordeko mahai gainean dauden proiektuen harira?

Azken aldian proiektu asko kale eta auzo ezberdinen eraberritzerako lanak izaten ari dira: Ixer, Larrabide eta Karmen kaleak, Legarrebi, Konbenio kalea… Herritarron irisgarritasuna bizi kalitatea da. Hori hobetzeko proiektuak berebiziko garrantzia dute eta helburu honekin bat egiten dugu, baina proiektu hauen aurrekontuak izugarriak izaten dira, hiri altzarietan gastatzen den dirutzaren ondorioz, adibidez.

Estetika funtzionaltasunaren gainetik jartzen du Udal Gobernuak, eta uste dut badagoela funtzionaltasuna mantenduz aurrekontu apalagoak egiteko modurik, are gehiago bizi ditugun garaiak kontutan izanik. Oparitarako paperak opariak berak beste balio izaten du.

Beste alde batetik, hirigintza eredu honekin ez dugu bat egiten, hazkunde urbanistikoan oinarrituta baitago. Beste eredu bat defendatzen dugu, herriko ondarea babesten duena esku pribatuetan utzi beharrean, etxebizitza duinaren eskubidea bermatzen duena, iraunkortasunean legeak ezartzen duenetik haratago doana, herriko saltoki txiki eta ostalaritza lehenetsiko duena herri biziago baten alde, beharrizanen azterketak egin eta herriko kolektibo ezberdinei espazioa eskaintzen diena herri kohesioa indartuz…

Gaur egun politika hauetatik urruti ikusten dugu Udal Gobernua, Hiria Antolatzeko Plan Orokorrak (HAPO) ere urteetako atzerapenak pilatzen jarraitzen du eta bitartean arau subsidiarioen hainbat aldaketa onartzen ari dira interes konkretu batzuk asetzeko, beste batzuk ordea, baratze ludikoen proiektuak adibidez, HAPOaren eraketa prozesua amaitu  itxaron behar duen bitartean.

-Pandemiaren ondorioz Udal Gobernuak Urgozo Kiroldegiaren proiektua behin-behinean gelditu egin du. Zergatik?

Bai, hala da. Pandemiak eragindako osasun krisia dela eta tentuz eta zuhurtziaz jokatzera behartuta gaude eta begi onez ikusi dugu atzerapen hau, baina atzerapen bat besterik ez da. Proiektuaren definizioa Udal Gobernuak ezarritako terminoetan egingo da, hainbatetan eskatutako herriak dituen beharrizanen azterketarik egin gabe. Hemen ere dirutza beharrizan konkretu bat asetzeko gastatuko dute, alor ezberdinak barne hartuko lituzkeen erabilera anitzeko proiektu partehartzaile eta integratzaileago baten aukera baztertuz.

Proiektu honekin loturik beste zalantza bat sortzen zait: behin proiektu hau burututa, zer gertatuko da herriaren ondare den gaur egungo Ixerreko polikiroldegiarekin? Orain arte bezala ondarea saltzen jarraituko dute, esku pribatuetan utzi eta etxebizitzak eraikitzeko?

-Zelan dago Tantorta eraberritzeko egitasmoa?

Udal Gobernuak arau subsidiarioak aldatu zituen Eroskik Tantortan saltoki handi bat eraiki ahal izateko eta horren truke kooperatibaren esku utzi zuen auzoaren eraberritzea, baina urteak aurrera doaz eta ematen du dena geldi dagoela.

Dakigunez, Confederacion Hidrografica del Cantabrico konpainiak eman beharreko baimen batzuen esperoan egon da Udal Gobernua, baimen horiek iritsi dira eta abenduko Hirigintza Batzordean urbanizazio proiektuari buruzko informazioa eman zitzaigun; beraz, aurten aurrera eramango da.

-Herrigunetik Larrara bidegorria eraikitzeko proiektua martxan dago, baina Ixerreko bizilagunek kezkaz hartu dute.

Proiektu hau momentu honetan kajoian gordeta dago. Ixerreko hasierako  berrurbanizazio proiektuak, Larratik jaisten ziren ibilgailu guztiak, tunela igaro ondorengo errotondan Ixer kaletik igarotzera behartzen zituen, Luis Urrengoetxea kalea norabide bakarrekoa bihurtuz eta bidegorriari espazioa emanez.

Ixer kaleak, baina, Larratik jaisten den trafiko guztia jasan beharko luke. Ixerreko bizilagunek kezkatuta eta arduratuta agertu ziren horregatik, eta haien desadostasuna erakutsi zuten sinadura bilketa bat eginez. Hori jakinda, proiektua berrikustea eta aldatzea adostu zen errepideen erabilera bere horretan utziz. Gauzak horrela, bidegorriaren proiektua berraztertu egin behar da. Lehentasunezko proiektu bat dela iruditzen zaigu eta alternatibak bilatzera behartuta gaude.

-Osasun krisia bezala, krisi klimatikoa globala eta premiazkoa da. Ikuspegia globala izan behar da, baina, aldi berean, ekintzak lokalak izan behar dira. Zer egin du Udalak esparru horretan?

Udal jarduera iraunkorragoa eskatzen dugu. Iraunkortasun legeak ezartzen dituen neurrietatik haratago doazen ekimen eta proiektuak aurrera eramateko ausardiaz jokatzea. Alde batetik krisi klimatikoaren kontra era aktiboan jarduteko erantzukizuna dugulako eta pedagogia egin behar dugulako. Hezitzailearen ikuspuntutik ikusten dut, eta heziketa familiaren eta eskolaren ardura izateaz gain gizartearena, instituzioarena ere bada. Herri hezitzailearen kontzeptua nahitaezkoa da, eta etorkizunera begira inbertsiorik onena.

Hori dela eta, ezin gara konformatu birziklapenaren datuetan puntu bat gora egin dugulako, berri onak dira eta anbizio handiagoz jokatu. Proposamen konkretuak jartzen ditugu mahai gainean; esleipenetan irizpide iraunkorragoak txertatzeko eskaerak, gaikako zabor bilketarako paperontziak ezartzea, Zornotzak energia berriztagarrien inguruan dituen potentzialtasunen azterketa bat egitea… baina asko bidean gelditzen dira. Aurrekontuen negoziazioan, partida bat guk proposaturiko iraunkortasunaren inguruko proiektu batera bideratzea adostu genuen eta proiektu hori definitzen ari gara.

-Herrian informazio panelak jartzea eskatu zenuten aspaldi. Zertan da?

Elkarteek eta norbanakoek informaziorako eta adierazpenerako kartelak jartzeko izaten dituzten eragozpenak direla eta, EH Bilduk orain dela urte batzuk herrian zehar erabilera honetarako panelak jartzearen eskakizuna egin zuen. Eskakizun hau kajoian gordeta egon da, behin eta berriz eskatu dugu gaia tratatzea eta ematen du, arautuko duen ordenantza lantzen hasiko garela, baina ez dakit proiektua gauzatzeko borondate askorik dagoen, Udal Gobernua eskuko frenoa emanda dagoela ematen baitu.