Hau etxebizitza larrialdia da!

Larrialdi deitu genezake etxebizitzarekin gertatzen ari dena. Herritarrok geroz eta zailtasun gehiago daukagu etxebizitza bat eskuratzeko eta gazteentzat ezinezko bilakatu da haien kabuz eta laguntza ekonomikorik gabe emantzipatzea.

Ez da oso zuhurra izan behar etxebizitzaren larrialdiaz jabetzeko, begibistakoa baita auziaren inguruko kezka zabaltzen ari dela, badaude-eta horretarako nahikoa motibo. Are gehiago, ez dago oso azkarra izan beharrik ikusteko arazo horrek bereziki eragiten diela herritar jakin batzuei, hots, gazteei eta pertsona migratuei.

Bilboko alkatearen semeak berak ere ezin omen du etxe bat erosi. Aburtoren semeak emantzipatzerik ez badauka, erraza da imajinatzea nola gabiltzan besteok.

Galdetu al diozu zeure buruari zenbat gaztek duen familiaren laguntzearik gabe etxebizitza bat erosteko adina gaitasun? Edota hurbilekoen edo bikote-harreman baten laguntzarik gabe? Ez zuten dute esaten, bada, gazteok geure kasa emantzipatu behar dugula? Nolatan? Akaso antzeztu behar ditugu bizitza eredu normatiboagoak, gizarte honentzat funtzionalagoak, gaituagoak izateko?

“Gazteok ez omen dugu alokairuan bizi nahi” diote batzuek. Dirua alferrik galtzea dela esaten dute besteek. Ez arre ez iso.

Gazteengan ardura jartzeaz haratago, jende horrek ez die merkatuko prezioei erreparatzen: ordain ezinak dira, jasangaitzak; beraz, emantzipazioa ez da borondate kontua, gaitasun kontua baizik.

Hori gutxi baliz bezala, beste gehigarri bat: alokatzeko zein erosteko traba gutxiago jartzen dizkigute zurioi pertsona arrazializatu edota migratuei baino. Ez da mito bat inmobiliariek zein saltzaile pribatuek, de facto, etxebizitza eskubidea ukatzen dietela. Gure herrietako eta hirietako antolamenduari erreparatuz gero, agerikoa da nortzuk eta zein baldintzatan bizi diren geure periferietan, eta horren atzean ere asmo politiko bat dago.

Zeharo normalizatuta dauzkagu mahaigaineratutako astakeria guztiak. Egoerak hausnarketa bat merezi du: Nola heldu gara honaino?

Etxebizitza da herritarron pobretze eta prekarizazio prozesurako funtsezko ardatzetako bat, eta gaur egungo etxebizitza politikak marjinatzaileak, arrazistak eta klasistak direla agerikoa da. Gazteok ezin dugu garaiz bizitza autonomoak garatu, biak ala biak, salerosketa zein alokairu politikak, bidegurutze batean daudelako.

Eta, zer egin dute EAJk eta PSE-EEk gobernatu duten bitartean? Beste alde batera begiratu, eta merkatua guztiz deskontrolatzen utzi, abandonatuta.

Ganorazko etxebizitza politikak egin beharrean, gainera, marketina egin dute; hots, etxebizitza legearen hamargarren urteurrenean gazteontzako abal-lerro berri bat publikatu berri dute. Gazteon emantzipazio prozesuan erraztasunak jartzeko omen da, baina, funtsean, merkatu espekulatiboa elikatu besterik ez du egingo, Eusko Jaurlaritzak % 20ko bermea jartzeagatik banketxeek eta finantziazio erakundeek interesak igo egingo baitituzte hilabeteko kuotan. Beraz, herritarroi mesedez egin beharrean, banketxe erakundeei etekina ateratzen lagunduko die, geure eskubideak guztiz merkantilizatuz.

Areago, banketxeak beren gain hartzeko prest ez dauden finantza-arriskua herritar guztien bizkar utziko da. Horrela, banketxeek arriskurik gabeko negozio bat ziurtatua dute, euren bezeroek hipoteka ordainduko ez balute, funts publikoek beren gain hartuko luketelako ardura hori. Eredu horretan, irabaziak pribatizatu egiten dira, eta galerak sozializatu. Berriz ere, kapitalaren mesedetan.

Gaztelagun eta emantzipa programak bultzatu dituztela ere badiote. Eta bai, arrazoia dute. Baina, egia erdiak erdi ustel: diru laguntza jasotzeko hilabeteko alokairuaren gehienezko prezioa exijitzeaz gain, ez dugu ahaztu behar diru publiko hori jabego pribatuek etekin pribatiboak ateratzeko bideratuta dagoela, eta askok laguntza jasotzen dutenei diru gehiago eskatzen dietela kontratutik kanpo. Negozio txikiak laguntzeko omen!

Finean, neurrikeriak. EAJk agerian utzi du ez duela merkatua kontrolatzeko borondaterik.

EH Bildun argi daukagu: etxebizitza ez da jolasa, ezta negozioa ere. Etxebizitzaren merkatu honetan esku-hartze publikoa urgentziaz gauzatu behar den erabaki politikoa da eta borondate politikoa baino ez da falta, beharrezko marko juridikoa bermatua baitago.

Krisi honi aurre egiteko datozen hamar urteetan 3.000 milioi euroko inbertsioa egiteko gaitasuna izango duen funts publiko-pribatua sortzea proposatzen dugu EAEko aurrekontuetan. Xedea da 10 urtean jabetza publikoko 30.000 babestutako etxebizitza sustatzea, nagusiki alokairura bideratzeko. EAJk ez digu jaramonik ere egin.

Herriari begira

Zornotzako errealitatea ez da Euskal Herriko beste txokoetatik urruntzen. Norberaren ingurura erreparatu besterik ez da egin behar: Nor da zure auzokidea? Non daude gazteak? Eta, pertsona migratuak? Emantzipazio adina zein da?

Zornotza ez da salbuespena bat. Hemen ere etxebizitza larrialdia bete-betean dago. Berriki publikatu den GIZAKERen inkestak erakutsi du Zornotzarron benetako lehentasunen artean etxebizitza politikak egitea dagoela.

EH Bildu Zornotzatik proposamen zehatzak egin ditugu, eta ez bakarrik gure Herri Proiektuan eta hauteskunde zikloan, baizik eta urterik urte egiten ditugun aurrekontu proposamenetan eta ikasturte politikoetan ere.

Bertan, etxebizitza hutsen deklarazioa egitea proposatu dugu, baita jabetza pribatuarekin akordioak egitea ere, etxebizitza horiek baldintza duinetan merkaturatzeko, prezioak erregulatuz, alokairu zein salerosketa formatuan.

Halaber, alokairu sozialak eta etxebizitza publikoen eraikuntza sustatzea proposatu dugu, eta gaur gaurkoz Udalak eskaintzen dituen alokairurako diru-laguntzak xedatzen duen ordenantza berritzea, ez diolako egungo beharrei erantzuten.

Ezin argiagoa izan da EAJren erantzuna, ezezko borobila. EH Bilduri leporatzen diote jarrera ezkorrean betikotzea, haiek oposizioari oposizioa egiten ari diren bitartean.

HAPOa onartu zutenean, hemendik eta 20 urtetara 1.492 etxebizitza berri egitea proposatu zuen EAJk, hori bai, % 42,92 besterik ez da babes ofizialekoa izango.

Halaber, azken urteotan eraiki diren eta datozenetan egingo dituzten eraikuntzei erreparatuz gero, argi eta garbi dago etxebizitza libreak herriko gunerik onenetan kokatzen diren bitartean, babes ofizialeko etxe gehienak periferian eraikitzen direla, eta horrek lehen eta bigarren mailako herritarrak egotea ekartzen du, arrakala sozialak bultzatuz.

Berriz diogu, marketin estrategia eta politiketatik urrundu, “ametsetatik herrira” hausnartzeari utzi eta has gaitezen herritarren gehiengoei, zahar, gazte eta etorri berrie, loa kentzen dieten arazoak konpontzen, behar bezalako etxebizitza politikak eginez, arazoa ezin delako gehiago luzatu.

Etxebizitza ez delako jolasa, etxebizitza oinarrizko eskubide bat da.

Leave a comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude