Guk ere behar dugu Martxoaren 8a

Akaso Martxoaren 8ko bueltan gizon batek idaztea ez dago ondo ikusia, baina guri ere egun horren kariraz badagokigu hausnartzea edota sakontzea: non aurkitzen garen gizonok eta zeintzuk diren gure erronkak mundu bat justoago egiteko, berdintasunaren bidean edo parekide izatearen alorrean.

Aspalditik dator borroka feminista, bere puntu gailurrekin edo bere lautadekin, non ura bera ere gelditzeko zorian zegoela basamortuaren hodeiertzean. Egunero egiten diren ekimenekin, zein jarrera garbiekin, azken urteetan loraldia bizitzen ari da, udaberria bera dela esaten digularik eta ahalduntzea, bere lanabes preziatuena. Azken aspaldi honetan bazter asko astindu du borroka feministak, arlo asko mugiarazi eta alde bateko aurrerakadak besteen kokapen eza dakar. Hots: gizonona.

Esan beharra dago gizonok izan ez dugula kontzientzia kolektiborik eta, hori ezean, ezin da egon pentsamendu kritikorik. Modu partikularrean ikus dezakegu aldatu beharra dugula, gauzak ikusteko eta egiteko, beste begirada bat behar dugula, baina nekez batzen gara horretaz eztabaidatzeko. Aztertzen hasi beharko genuke feminismoak sortzen dizkigun egonezin horiek eta modu kritiko batean hausnartu, jakina. Entzun, aztertu, aditu eta, nola ez, geure buruari begiratu, aurretik igarotzen ari denaz ulertze asmotan. Elkartzen hastea ezinbestekoa dugu, non gauden eta nora joan nahi dugunari erantzuteko.

Feminismoa mogimendu iraultzailea da, non sistema patriarkalaren zein kapitalismoaren egiturak auzitan ipintzen dituen. Hori, dagoeneko, geldiezina da. Beraz, gizonoi gure tokia zalantzan ipintzea dagokigu, lehenik eta behin genero ikuspegia duen hezkuntza aldarrikatuz berdintasunerako bidean. Martxoaren 8ko buelta horretan hitz egiteak bakarrik ez du deus konpontzen. Urte osoko lana behar da, baina ez da sumatzen oraingoz nahikorik arduratzen gaituenik. Pribilegioak galtzeko arrisku nahikorik ikusten ez dugulako oraindik? Baliteke, baina uholdea geraezina bezala dator…

Berdintasunaren aurrean, gizonok zer? Urtebeteko pandemiak egunerokoa aldatu digu, ordu asko eman ditugu etxean, espazio murritzetan sartuta. Eta galdera sinpleena litzateke ea aldaketa horrek izan duen isladarik etxean egin beharreko lan banaketan. Halaber, hor dago beste eremu potolo bat; zaintzarena, alegia. Bi espazio horiek emakumearenak izan dira beti eta segituko dute izaten errotik ez badira erausten, baina nola erauzi?

Eguneroko bizitzan lan banaketaz asko hitzegin da, eta aurrera pausurik sumatzen da? Baiezkoan nago, halere oraindik asko falta zaigu gizonooi etxe barruko ardura hartzeko, lan horretaz jabetzeko eta geurea ere badela barruratzeko. Ez laguntzea, soilik, baizik ardura hartzea. Eta horrek hausnarketa sakona eskatzen du. Etxe barruko lana deritzogun eremu hori pertsonooi dagokigu genero desberdinketa egin barik.

Bestalde, galdera litzateke, ea ordainduta legokeen lan eremua izanik gizonok hartuko genukeen eginbehar hori? Maiz, gure gizarte honetan, pentsatzen dugu den dena diruarekin eros daitekeela, eta erosten den hori parekatu daiteke berdintasunarekin edo banatu behar dugun lan horrekin? Hitz bakoitzeko kontraesan bat? Baliteke…

Halaber, haurrak dauden etxeetan, emakumeak dira kontziliatzen dutenak lana eta familia. Biak ala biak, haurrik ez dagoenean etxeko lanak eta haurrekin etxeko lanak gehi haurren zaintza eta hezkuntza.

Eta zer esan pertsonen zaintzari bagagozkio? Emakumeen bizkar gainean erortzea erabaki da eta apur baterako ez da ikusten aurrerapausurik. Lan merkatuan sartzeak berezkotik dakar berdintasuna? Ezta gutxiagorik ere, egiturak aldatu ezean jai dago, eta horrek hausnarketa serioa eskatzen du. Etxeko lanetan bezala, hemen ere pentsa dezakegu diruarekin dena konpontzen dela. Migratzaile asko adinekoen zaintzan aritzen da, askotan lan baldintza kaskarretan, gutxi ordainduta edo gizarte segurantzan bere izena eman barik, hots: lan prekarioan

Feminismoa eta feministak ez dira arazo. Izatekotan, berdintasunaren aldeko borrokan sujetoak dira. Arazoa patriarkatua da, lehen eta orain eta ez badugu borrokatzen… beti.

Beraz: Unicamente los peces muertos nadan a favor de la corriente. Las luchas requieren el camino contrario. Es donde les duele, donde la otra parte comienza a reconsiderar, a reflexionar, a valorar, que juntos podemos construir una sociedad en igualdad, en correspondencia en deberes y obligaciones.

Segi olatua haunditzen, baina batez ere mantendu egindakoa, sustrai sendoak lurrari lotu arte. Bestela mamua beti dago hortxe zai, egoera berrietara egokitzen eta ahal duenean erasotzen.

Gaur ere kaleak hartu eta udaberritu erronka.