Forjas Jauregia ez botatzeko eta eraikinari ondare babestuaren izendapena emateko eskatu du EH Bilduk

Hiria Antolatzeko Plan Orokorrean jasotakoa beteta, Forjas Jauregiaren eraispena geldiarazteko eta eraikin hori ondare babestua dela aitortzeko eskatu diogu EAJren Udal Gobernuari.   

Izar eta Forjas enpresak 20ko hamarkadan jarri ziren martxan Amorebieta-Etxanon. XX. mendeko industrializazio prozesuan erreferente bilakatu ziren, eta hainbat hamarkadatan milaka zornotzarrek egin zuten lan bi lantegietan.

Egun, Forjas konpainiaren bulego zaharrak biltzen zituen eraikina VUSA enpresa eraikitzailearen esku daude. 2017ko abenduan hasi zituen Forjas Jauregia botatzeko tramiteak eta Udalaren Hirigintza sailak 2020eko urrian eman zion horretarako baimena.

EAJren Udal Gobernuaren erabakia larria eta arduragabea da; izan ere, Forjas Jauregiaren eraitsiz gero, Hiria Antolatzeko Plan Orokorra eta Ondare Kulturalaren Legea urratuko lirateke.

Eusko Legebiltzarrak 2019an onartu zuen Ondare Kulturalak babesteko Legea. Araudi horren arabera, erakundeek ondare kulturalak zaintzea lehenetsi behar dute, enpresek edo herritarrek izan ditzaketen balizko interes partikular eta espekulatzaileen gainetik. Halaber, ondare kultural izendapena emateko eskumena udalen esku uzten du.

Horrez gain, oso deigarria da EAJren Udal Gobernuaren kontraesana: Hiria Antolatzeko Plan Orokorrean dio Forjas Jauregia ondare babestua deklaratuko dela, baina, aldi berean, eraikin hori behera botatzeko baimena eman du.

Hirigintza plan hori lantzeko prozesua 2015ean hasi zen, baina ia sei urte geroago, egitasmoa onartu gabe dago. Atzerapen horren erantzuleak EAJ eta PSE dira, eta ondorioak herritarrek pairatzen dituzte.

Udalak ezin dio uko egin Amorebieta-Etxanoko ondare historiko eta kulturala babesteari. Udalak ezin du egun batetik bestera iritziz aldatu eta eraikin historiko bat babestea proposatzetik, eraikin hori botatzea baimendu, indarrean dagoen araudia urratuz.

Horrez gain, iraingarria da Udal Gobernuak bere jarrera justifikatzeko Forjas Jauregiaren eraisketa legezkoa dela esatea. Are gehiago, eraikin hori babesteko tresna nahikoak eskura dituenean.

Gauzak horrela, EH Bilduko ondokoa eskatu du:

1- “Forjas bulego” zaharrak izeneko eraikina eraisteko emandako lizentziaren iraungipena deklaratzeko prozedura hastea. Eta lizentzia hori hirigintza- eta ondare-araudiaren aurkakoa dela deklaratzea.

2- Eusko Jaurlaritzako organo eskudunari eskatzea ondarea babesteko espedientea tramitatu dezala, eta, ondorioz, “Forjas bulego” zaharrak izeneko eraikinare gainean eska daitekeen edozein eraispen- edo narriadura-lizentzia eten dezala.

3- Hiria Antolatzeko Plan Orokorra berrikusteko prozedura bat irekitzea, gure udalerrian dauden kultura-ondareak aldez aurretik suntsitzea edo kaltetzea saihesteko.

4- Udal teknikariei eskatzea kontuan har dezatela kultura-ondarea babesteko legea,  ondare honi edo hala katalogatu daitekeen beste eraikin bati buruzko txostenak egiterakoan, are gehiago ondare babestu gisa sartzea aurreikusita dagoenean.