Euskararen erabilera sustatu beharra dago eta horrek urrats berriak eskatzen ditu

Egia da, euskaltzale eta ekintzaile askoren ahaleginak ez direla alferrikakoak izan eta euskara orain dela 50 urte baino hobeto dagoela, askoz hobeto baina ez aski. Egia da ere, azken urteotan lortu dugula Euskal Herriko lurralde guztietan aurrera urrats esanguratsuak egitea.

Eta egia da, halaber, azken urtean atzerapauso nabarmenak eman direla hizkuntzaren normalizazioan; pandemiak agerian utzi duelako euskararen erabilera eta transmisiorako gaur gaurkoz dauden arazoak (IKTen bidezko erabileran ageri diren hutsuneak eraginda tartean), hezkuntza sistemak ez duelako bermatzen ikasleak sistematik euskaldun oso gisara atera izatea, edota kale erabilerak behera egin duelako.

Hizkuntza gutxitu baten normalizazio-prozesuaz ari garenean bi elementu izaten ditugu beti buruan. Batetik, hizkuntza hori normalizatzeko pertsonek hizkuntza gutxitua ezagutu behar dute, eta, bestetik, pertsona horiek hizkuntza erabili ahal izateko espazioak behar dituzte. Biak ala biak dira beharrezkoak, baldin eta hizkuntza hori normalizatuko bada.

Horregatik diogu lur-gune euskaldunek edo arnas-gune geografikoek berebiziko garrantzia dutela euskararen normalizazio-prozesuan. Euskaldun kopuru handia duten herriak eta auzoak dira, euskaraz normaltasunez eta naturaltasunez bizi direnak.

Baina urrats berriak eman behar dira, lur-gune euskaldunen eta arnas-guneen garapen iraunkorra  bermatzeko oinarriak proposatuz. Izan ere, eremu horiek sendotzean eta zabaltzean jokatzen dugu normalizazio-prozesu orokorraren arrakasta, hein handi batean.

Abenduak 3 euskararen nazioarteko eguna dugu. Eta adierazpenetatik haratago, gauden eremuetan konpromiso zehatzak hartzea dagozkigu.