Esperientzia eta ilusio handiko taldea osatu dugu, zornotzar guztien ongizatea bermatzeko helburuarekin

Ander Uriarte Pujana izango da EH Bilduren alkategaia Amorebieta-Etxanon, eta ondoko mezua helarazi nahi die zornotzar guztiei.

Amorebieta-Etxanoko biztanleria nabarmen hazi da azken hamarkadan: 2000. urtean 16.200 bizilagun ginen, eta, egun, 19.200 baino gehiago gara. EH Bildu Zornotzaren lehentasuna da herritar horien guztien ongizatea bermatzea, justizia soziala bultzatuz, aniztasuna errespetatuz eta zerbitzu publikoak defendatuz.

Helburu hori lortzeko ezinbestekoa da politika eta zerbitzu publikoak herritarren zerbitzura jartzea, eta ez erabiltzea eliteen interes ekonomikoen arabera. Krisi ekonomikoaren eta energetikoaren aitzakiarekin, zerbitzu publikoak pribatizatzen eta norbanakoon bizi-baldintzak okertzen ari dira, eliteen mesedetan. Onartezina da hori, eta eraldaketa abiatzea premiazkoa da.

Eraldaketa behetik gora egin beharra dago. Udalak dira herritarrengandik hurbilen dauden erakundeak, eta aldaketak hortik hasi behar du. Udalgintzatik sustatu behar dugu eraldaketa ekonomikoa, soziala eta ingurumenekoa, betiere herritarren ongizatea bermatzeko asmoarekin. Bide hori gainerako eragile politiko, sozial eta ekonomikoekin lankidetzan eta akordio zabalak bilatuz egingo dugu.

Bistakoa da erronka handiak ditugula aurretik, baina egoerak eskatzen duen mailako taldea osatu dugu esparru ezberdinetako profesionalekin. Badugu esperientzia erakundeetan. Badugu eskarmentua kalean eta mugimendu sozialetan. Baditugu arduraz lan egiteko ilusioa, indarra eta prestutasuna. Eta, agian, garrantzitsuena: oso argi daukagu herriaren parte garela, eta herritarren zerbitzura gaudela.

EH Bilduk 100dik gora udalerritan gobernatzen du, eta kudeaketan fidagarriak garela erakutsi dugu nonahi: egiten duguna esaten dugu, eta esaten duguna egiten dugu. Gauzak horrela, konplexurik gabe, gogotsu, indartsu eta anbizio handiarekin aurkeztuko gara maiatzeko udal hauteskundeetara.

ZORNOTZA, ABANTE!

Ander Uriarte Pujana – EH Bilduren alkategaia Amorebieta-Etxanon