Txomin Iturbe Abasolo: Belaunaldi oso bateko liderra. Memoria

Duela hogeita hamar urte joan zitzaigun euskaldun osoa zena, iraultzaile handia, bere berezko buruzagi dohaina eta ahala zuena, gure Txomin maitatua. Agian, ondorengo belaunaldiek ez dute Txomin Iturbe Abasoloren berririk, baina gure historia liburuetan letra handiz agertu behar dena.

Karisma handiko pertsona, halaber, hitz gutxi eta neurtuak zerabiltzaena, iritzietan arrunt irmoa eta sekulako mesfidantza teoria ederregiekiko gordetzen zuena. Pragmatiko hutsa baina beren hitzak eremu hutsalean inoiz erortzen ez zirenak. Jakin ondotxo zekien besteari eragiten, baina han eta hemen egin behar zenean beti bera lehenengo lerroan. Bere bolondresak zaintzen eta maitatzen zekiena, sentsibilitatea pedagogia lez erabiltzen zuena.

“Motel -esaten zuen sarri-, orain duk gure ordua, orain lortu behar diagu nola edo hala gure herriaren askatasuna. Euskararik gabe ez dago Soberaniarik eta ez kristorik. Gero Herrian ezarri beharko den programa ekonomiko-soziala gogoan izanik ere, lehen-lehenik Euskal Herriaren askatasuna lortzea duk gure eginkizuna”.

Istripu inozo batek eraman zuen 1987ko otsailaren 27an Argeliako lurralde urrunduetan, bizitza bera kasualitate den horretan hainbat ataka eta estualdi izan ondoren, bizitza bera jokatzeraino, baina argi zeukan borrokan hartutako erabakiaren patua besterik ez zela.

Bere berezko eragiteko dohaina bizitzaren bukaeraraino mantendu zuen jokaleku eremuan Txominek, hortxe baita teoriak frogatzeko lekua. Bere begi zorrotz eta trinkoak, inoiz ez bezala, lagundu zigun helburuen ildoa artez jorratzen, geure arteko liskar hutsaletan galdu gabe, finean partida irabaztea baitago jokoan.

Garaiko egunkari bati so nengoela Xabier Amurizak zioen: Herri bat ez dela gatazka bakarrean jokatzen, baina pertsona baten galerak sarritan gatazka osoa suposa lezakeela..

Independentziatik at, era berean, soluziorik ez!

Bolie, bere egonean badoa!