Prest zaude?

Imajinatu mendekuz betetako motxila pisutsu batekin bizi zarela, eta harekin egiten duzula lo, bazkaldu, gosaldu eta bidaiatu.Imajinatu haurtzarorik gabeko umea zarela. Imajinatu milaka kilometrotara duzula ama, imajinatu milaka kilometrotara duzula aita, imajinatu milaka kilometrotara dituzula biak. Imajinatu ostiral, larunbat edo dagokizun egunean mila kilometro mendeku egin behar dituzula, beti ere motxilarekin. Imajinatu 40 minutuz ikusiko dituzula, eta berriro etxera egingo duzula buelta, eta “hurrengo bisitara arte” esango diezula.

Imajinatu zure lagunak urtebetetze festa batean edo saskibaloi partidu batean daudenean, zu bostehungarren kilometroan zaudela, nahitaezko deskantsuan. Imajinatu seiehun eta berrogeita hamabigarren kilometroan auto istripua izan duzuela, aitona-amonek, neba arreba txikiak eta zuk. Imajinatu, larriki gaixo dagoela ama edo aita, eta hala ere, inoiz, inola ez duzula etxetik hurbil izango.

Zoritxarrez, gaur Euskal Herriko 113 umerentzat ez da irudimena lantzeko ariketa bat izango. Ume hauek espetxera kondenatu dituzte, kondenatu, bai; errurik ez duten arren, biktima gisa haiena ez den kondena bat betetzen baitaude.
Ez dakigu motxila berezi horren zama nolakoa den. Ez dakigu zama hori eramateko gai izango ginatekeen ere ez. Imajinatu dezakegu, baina guretzako ez da aurrekoaren antzera, irudimen ariketa bat baino gehiago izango.

Askok zama hori gure egin nahi izan dugun arren, ezin dugu motxilaren pisua txandakatu eta tarteka, parentesien artean bada ere, kondenarik gabeko bizitza bat eskaini. Ezin ditugu kilometroak laburtu. Baina, badugu babesa eskaintzeko aukera, milaka kilometro garratz horiek gozotzeko aukera. Nahiz eta sarritan sinistu ez, mendekuz eta amorruz betetako motxila elkartasunez eta maitasunez betetzeko gai gara. Larunbat honetan, Euskal Herriak argi utzi du konponbiderako eta bakerako prest dagoela. Argi utzi dugu berdin zaigula euripean, txingorretan edo -4 gradutan. Berdin zaigu itsasontziz, furgonetaz edo globoan. Prest gaude bideko harri guztien gainetik aurrera egiteko.

Prest egotea motxila zulatzea da, gora botatzea da. Eta zu, prest zaude?