Patiotik

Koloretako marrazkiak, iturriak, zuhaitz asko, txirristadak, eskalatzeko txokoa, txintxaunak, tirolinak eta eserlekuak.
Denak margotu ditu Josebak irakasleak gustuko patioa margotzeko esan dienean; baina Igorrek bere pareko orri zuritik begiak altxa orduko “hori ez da benetako patioa, ez du porteriarik!” esan dio. Inguruko ikaskide gehienek ez dute zirkinik ere egin baina berriz errepikatu du berdina, oraingoan altuxeago. Kasurik egin ez badiote ere, Igorren mezua gela osoan zabaldu da, oihartzuna entzuteraino.

Edozein ikastetxetako patioa gizartearen isla izaten da ikasleak goiz erdiko jolas-ordua izaten dutenean. Liderrak direnak, lotsatiak, talde handian ondo moldatzen direnak zein talde txikiagoak maite dituztenak, mugitzeko aprobetxatzen dutenak, eserita berriketan egoten direnak, jolas-orduro liskarrak dituztenak edo hauek konpontzen dituztenak, hamaiketakoa atoan jaten dutenak edo patiotik bueltatzerako oraindik sagar erdi sobera dutenak, jo eta pikatuta bukatzen dutenak edo belaunak urratuta bizi direnak.

Espazioaren kudeaketarekin ere, gizartean ikusten diren patroiak antzeman daitezke. Patioko edozein txoko bihurtzen da futbol zelai hormigoiaren gainean baloi bat jartzerako. Berdin berdegunea, txintxauna, eskaladako txokoa edo tirolina dagoen espazioa. Berdin aurretik ikaskide batzuk bertan jolasean egon edo hutsik. Berdin futboleko baloia edo hondartzakoa. Baloiaren presentziak bermatzen du futbolaren presentzia ikastetxeko patioan, ikasle talde batek beste talde bat zokoratu eta espazioa libre utzi arte, edo libre utziarazi arte. Batzuetan ondo eskatuta eta besteetan txuteen terrorez. Halakoak, bizi dugun eta gaituen gizartean ere egunero ikusten ditugulakoan nago.

Izan ere, askotan ikastetxeetako patioetan hazten dira etorkizuneko helduak beraien rolak definitzen, eta ez da harritzekoa txikitatik espazioa ukatu bazaigu, egun metroan goazenean eta ondokoak hankak zabal-zabalik dituela konturatzean ixilik geratzea, berriro ere espazioa ukatzen zaigun artean. Ez da harritzekoa espazio publikoaren erabileran ere desberdintasun nabarmenak egotea eta batzuen ahotsa besteena baino askoz altuago entzutea, oihartzuna eginarazi arte.

Ikastetxeko patioan mundu asko kabitzen dira, baloiak hormigoia laztantzen duen arte.