Lotsa izan da, eta egun ere bada, historikoki indarkeria ororen ostean gailendu den sentimendua. Indarkeria, zeina sistemikoki gizonezkoek egikaritzen duten, eta lotsa, zeina emakumezkook sentitu ohi dugun edozein gertakari bortitz pairatu eta gero. Emozio hau ikusgarritasunaren eta presentziaren aurkaria da, eta horrek sostengatzen du oraindik ere indarrean dagoen sistema zisheteropatriarkala. Izan ere, lotsaren eragina ondo aztertuz gero, antzeman daiteke erabakigarria dela salaketa sozialak zein juridikoak jartzeko erabakia hartzerako orduan, eta, maiz, baita gure buruari erasotuak izan garela aitortzeko oztopo ere.
Sufrimenduak bultzatu du Giselle Pelicot lotsak bandoz aldatu behar duela ozen aldarrikatzera, berari horrek berak eman baitizkio bere bizipena ahotsgoran plazaratzeko hegalak. Haren bortxatzaile askoren izenak publiko egitea eta bere senarraren sen gaiztoa gizartean hedatzea baliagarria izan da askok eta askok inguruan dituzten senide, lagun eta hurbileko asko, behintzat, zalantzan jartzeko. Izan ere, bortxatzaileak haien jokabidearen guztiz jabe ziren arren, isilpekotasun paktua bete dute epaiketa egunera arte; ez dute elkar salatu, hain zuzen. Pelicotek barrenetik bere zuen lotsa erauzi eta zuzenean erasotzaileengan jartzea izan da gakoa.
Politikaren munduan sartuta, ezin aipatu gabe utzi Iñigo Errejóni, espainiar estatuko Sumar koalizioko bozeramaileari, egotzi dizkiotenak. Kasu honetan ere, erasoak pairatu dituzten emakumeek sexu jazarpena gogor salatu dute hedabide eta sare sozialetan, batak bestea hauspotu eta elkarri babeslekua eskainita. Presioak kargua uztera eraman du Errejón. Indarkeria eta boterea hertsiki lotuta dauden heinean, matxismoak eta politikak eskutik joateko tendentzia dute. Jakin badakigu ezein motatako indarkeriak erasotuaren gaineko boterea erakustea duela helburu, eta politikan, baita Euskal Herrikoan ere, gizon asko kitzikatzen ditu botereak.
Patriarkatutik eratorriko matxismoak, zoritxarrez, eskuinean zein ezkerrean dauka lekua, baita babesa ere. Frantziar eta espainiar estatuetako kasuei erreparatzea beharrezkoa bada ere, etxean egunero-egunero gertatzen diren indarkeria kasuei ere aurre egitea ezinbestekoa da Euskal Herria, benetan, feminista lor dezagun. Oraindik ere egunerokotasunaren parte da beste aldera begiratzea: kuadrillako lagun batek neska bati ezetza ez onartzean, ipurdia ukitzean edota gaiaz paso egitean, pribatuan emakumeari sasibabesa eskaini eta ahalik eta lasterren muzin egitean. Baita gure lagun militanteek marra gorriak gainditzean erabaki kolektiboak behar bezala ez hartzea eta isilpekotasuna mantentzea ere.
Esan gabe doa; onartezina da kanpora begiratu eta gure inguruan erasotzailerik ez dagoela aintzat hartzea, eta are onartezinagoa gure lagunen, kideren, militantekideren, senideren edota lankideren batek norbait eraso duela jakin eta ezikusiarena egitea. Lotsak erasotzailearengan behar du egon, eta Bilgune Feministak argi azaldu du: konponbidea ez bazara, arazoa zara.
Maider Uribarri Artaloitia

