Jon, Bizkargiren magalean

Inguruko poeta batek bere poema baten hasieran zioskun giza jendeak zuhaitzen antza dugula. Pertsona zaurituaren larrutik odola darion bezala, zuhaitzen azaletik erortzen dala erretxina. Eta guk ere sustraiak ditugula zuhaitzek bezala.

Oroimena sustraiekin lotu daiteke. Zenbat eta sakonago erroak, memoria hezurmamituago izango dugu, iraganean gertatutakoa ez ahanzteko eta geroan ere luzatzeko, geroan ere gauza berriak sortzeko…

Bizkargi Eguna Jon Idigoras Gerrikabeitiaren jaiotze data ere bazela kontutan hartzerakoan artikulua idazteari ekin nion, baina zehatz-mehatz nola lotu biak ez nituela argi, nahiz kasu honetan enbor bereko sustraiak izan. Halaber, bestelako aipu batean jarri nuen arreta, hots: maiatzaren 3a, Bizkargi Eguna izateaz gain, amen eguna bezala izendatuta zegoela.

Jonek bere bizitzari buruz idatziriko liburuan (“El hijo de Juanita Gerrikabeitia”) eskaintza zuzena egiten die Euskal Herriko ama guztiei. Erderaz dago eta honela dio: A todas las madres de Euskal Herria que, orgullosas, sufren en silencio la maravillosa locura de sus hijos e hijas por construir una Euskadi libre y una sociedad justa.

Eta Bizkargi gogoan hartuz, hau gehituko nioke: A todas las mujeres que tomaron parte en la contienda, tanto en el frente como en la retaguardia, en miles de quehaceres, que sin ellas no hubiera sido posible la resistencia y que, en los siguientes decenios, fueron ninguneadas, cuando no relegadas al olvido, y que seguimos teniendo una deuda impagable con todas ellas, como la estamos teniendo ahora.

Egunero presente eta eredu.

Sorlekua inork ez du hautatzen, baina nonbait hasten da bizitzaren egunsentia, eta Jon Idigoras Gerrikabeitia 1936ko Santikurtz egunean etorri zen mundura, Bizkargi magalean (bizitza eta historiaren paradoxa), gero hurbilean ospea hartuko zuen tontorra, gerra frontea izaki, borroka latz zein odoltsuak suertatu zirelako. Gaurko egunez omentzen ditugu Eusko Gudariak. Gizarte hobeago edota berdintsuago baten alde borrokatu ziren eta borrokan darraiten gudariak omentzen dira.

Faxistek Estatu kolpearen prestaketan ari zirelarik zabaldu zituen Jonek begiak mundura, gerora ekarriko zuena, seguruenez amesgaiztoenetan ere paratzen ez zitzaiona. Enfrentamendu armatuak heriotza eta samina dakar ezinbestez, baina errepresioa ez zen izan gerra ondorioa bat, funtsezko arrazoia baizik.

Hasieratik eta gerora ere urte luzeetan emandako bortizkeria ondo oinarrituta zegoen egitasmoaren parte izan zen, ez ondorio bat soilik.

Jonen ibilbide politiko eta sindikala zehazterakoan luze joan gintezkeen pertsona bakar batean militantziari eskainitako unibertso zabal bat agertzen zaigulako, eta ez da nire asmoa. Argi esan dezakegu militantzia politikoan maisua izan genuela garai hartako belaunaldiak eta gerora ere arrasto handia utzi duena, bere ekarpen mardulak erro sendoak bezain aberatsak dituelako.

Ezker abertzaleko pertsona karismatikoetako bat, ezinbesteko erreferente politikoa hurrengo belaunaldientzat.Abertzalea eta Sozialista zen Jon. Langile arrunta izanik, guztiz abertzalea sentitzen zena, eta abertzale izanik, mundu berri baten aldeko borrokalaria.

Jon Idigorasen ibilbide politikoaz asko idatz daiteke, baina hitz bakar batean bildu beharko bagenu, hitz hori iraultzailearena litzateke. Hizki handiz eta harro gainera esan dezakegu Iraultzaile handi bat izan zela.