Euskal Herrian ezin daiteke ulertu antifaxista izatea, independentista izan gabe

Eloy Izagirre.

Heldu da aurtengo urriaren 12a, eta oraindik ere, espainiar estatuaren menpe gaudela ospatzera behartzen gaituzte. Zapalkuntza, inposizioa eta asimilazioa opatzera, alegia.

Espainiar proiektuaren sorrerak, berak, gaur egun sufritzen ditugun ukazio eta zapalkuntzak finkatu zituen. Izan ere, espainiar proiektua “bat eta bakarra” ideiaren defentsan oinarritzen da, hau, guztiz antagonikoa izanik Euskal Herriaren eskubide nazional eta politikoekin. Egun, 78ko erregimenak ordezkatzen du espainiaren proiektu politikoa, berrogei urteko diktadura luze baten aurpegi zuriketa izan zena.

Diktadurarekin hausteko, eta faxismoa atzean uzteko aukera zegoen momentu hartan, espainiar elite ekonomiko eta espainolistek, aukera demokratiko hori alde batera utzi, eta zapalkuntzak bere horretan mantenduko zituen erregimen politikoa (78ko erregimena) ezarri zuen. Hitz gutxitan, “que todo cambie para que todo siga igual”.

Nazioarteari erreparatuz gero, ezinbestean aipatu behar dugu faxismoak azken urteetan izandako gorakada, eta 78ko erregimena, faxismoaren oldarraldi baterako agertoki bikaina da. Hau da, erregimen honek, alfonbra gorria jartzen die faxistei, bai instituzio eta kaleetan, haien balio erreakzionario eta atzerakoiak hedatzeko.

Jon Ormaetxea.

Gure egunerokotasunean, faxismoaren gorakadaren ondorioak sufritzen ditugu. Hala nola, euskarak bizi duen oldarraldi judiziala, gizon gazteen artean feminismoarekiko dagoen erreakzioa, eraso lgtbfobikoak, migratzaileekiko gorrotoa edo eta espainolismoaren espresio desberdinen areagotzea, espainiar selekzioaren gorazarrea, adibidez.

Ultraeskuina espazioak irabazten ari da, eta bere marko ideologikoa ezartzen ari da, bai komunikabide, instituzio, lantoki eta kaleetan. Ezker independentismoa ere kolpatzen saiatu dira, eta ez da kasualitatea. Izan ere, geroz eta gehiago gara gatazkaren ondorioen konponbidearen alde gaudenok, ezker independentismoa instituzioetan babesten dugunok eta eraldaketa soziala eta burujabetzaren alde gaudenok, finean, geroz eta gehiago gara Euskal Herrian espainiaren proiektu nazionalarekin bat egiten ez dugunok.

Gaurko egunak, urriaren 12ak, espainiar estatuko balio atzerakoienak ordezkatzen dituzten horiek guztiak batzen dituen bezala, balio guzti horien aurka gaudenak borrokan batzeko eguna da. Hau da, urriaren 12a, borroka egun bezala ulertu beharra dago, gure proiektu nazionala eta espainiar estatuarena, munduaren bi ulerkera antagoniko direlako.

Momentu ezegonkor, indibidualista eta krisi egoerak ari gara jasaten gazteok. Bidegurutze batean aurkitzen gara, eta orain hartuko diren erabakiak gazteon bizitzak guztiz baldintzatuko dituzte.

Beraz, gure etorkizunaren jabe izateko, eta oldarraldi faxistari herri bezala aurre egiteko, ezinbestekoa dugu independentzia. Beraz, Euskal Herrian, ezin daiteke ulertu antifaxista izatea independentista izan gabe, eta kontrara. Hain zuzen ere, faxismoak espainiar estatuan espainolismoaren forma hartzen baitu.

Euskal Herriaren biziraupenerako dugun aukera bakarra independentzia da. Gurea herria antifaxista, internazionalista, justizia sozialean sinisten duena eta sen komunitario handi batekoa baita.

Horregatik, orain, gazteoi prozesu independentista bultzatzea dagokigu, etorkizun eza eta apatiaren aurrean, ortzi-muga sendo baten alde borrokatzea. Historiaren bidegurutze honetan, proiektu politiko sendo batek soilik bermatuko dituelako herritarron interesak. Independentzia, Sozialismoa eta Feminismoaren proiektuak, alegia.

GAZTEOK, INDEPENDENTZIA!

Eloy Izagirre eta Jon Ormaetxea, Zornotzako gazte independentistak