ERANTSI, JANTZI ETA ABESTU

Xabier Irakulis

Inauteriak datoz; herria musikaz eta kolorez beteko zaigu berriz ere. Hitz gutxitan esanda, ostera ere jaia!  Baina ez edozelakoa. Izan ere, herrikoiak, eta era berean, unibertsalak dira Inauteriak. Dagoeneko aukeratuta dago mozorrotzeko gaia. Urtero, Zornotzako Gazteen eskutik etortzen zaigu horretarako gonbita. Aurtengoa: “abeslariak”. Kasualitatea agian, baina abeslariak ez badira ere, ez al da bertsolaria momentu oro mozorrotzen ari den artista?

 

Bertsolaria apaiza, sukaldaria, hozkailua edo banandutako gurasoa izan daiteke saio berean. Etengabe, zaharra erantsi eta berria jantzi. Uneoroko mozorrotze bat. Batzuetan, lan erraza dela ematen badu ere (beraien arintasuna ikusirik), ez da hala izaten. Mozorro berak letra eta forma ugari izaten ditu-eta. Esaterako, muturreko estereotipoak aise ikusten dira inauterietan. Flamenko jantzi nahi duenak erraz lortuko du arrakasta, edo superheroi trajea jantzita. Topikoek, sarritan, errazkeriara edo exajeratzera garamatzate. Agian, bizi dugun etengabeko estresean, denbora ezak ere guztia sinplifikatzera garamatza… Bertsotan, baina, ez nuke esango hala denik. Ez gaur egun, behintzat. Kasu horietan, bertsolariak badaki zein mozorro janzten duen, baina entzuleari jakinaraztea ez da beti lan erraza izaten. Eta gainera, entzuleak ulertzen ez badu eta komunikaziorik ez bada, agur! 

Zorionez, entzule bakoitzak, bere betaurrekoen arabera, ezberdin ikusten du mozorro bakoitza. Klitxeak klitxe, bertsolaria aspaldi ari da molde zaharrak apurtzen eta mozorro berak azal ugari izan ditzakeela erakusten. Edo, behintzat, ahalegin hori egiten. 

Aurten abeslari izatea tokatzen zaigu herrian. Seguru nago abeslariaren mozorroan azal anitzak izango ditugula, kipulak bagina legez. Ea, behintzat, ez dugun negarrik sorrarazten. Eta, horrela bada, umorez izan dadila. Izan ere, kantatzen duen herria ez da inoiz hilko!