Distopia versus utopia

Gabonak ate joka ditugu eta suposa daiteke etxe askotan zalantza dagoela sartuta, zer egin eta nola igaro argi ikusten ez dugunean. Oroitzapenak borborka datozkigu, mahaiaren bueltan bizi izandakoak gogoratzerakoan, baina jakin badakigu aurtengoak desberdinak izango direla.

Pandemiak asaldatu gintuenetik, gure bizimoduak aldatuz joan dira. Askotariko sentimenduek ostatu hartu dute gure gorputza, antsietate puntu bat egunerokora ekarriz, deus ez baita finko, deus ez baitago lehen bezala. Beldurra, nahigabea, amorrua, tristezia, jakin ez baitakigu zer dagoen honen atzean. Eta horrek desoreka dakargu, oreka egunak nora joan ote diren galdetuz.

Urtea definitzeko izen asko erabili izan ditugu, hots: urte ezohikoa, paranormala edota urte distopiko baten bizi garela. Zenbat buru, hainbat aburu esaten da eta, jakina, bakoitzak bere egoerak izango zituen urtearen joan etorrian.

Ziurgabetasuna geure bizitzetan sartzen denean, firin-faran dabilen aireak gure oreka hausteko indarra duenean, orduan “totem” bat bailitzan darabilgu “bizi ezazu momentua!”. Oraina besterik ez baitago, izan ezazu une bakoitzeko kontzientzia eta saia zaitez duen zuku guztia ateratzen… Baina egonezina gorputzean sartuta dugularik, pandemiak horren hauskorrak garela argi utzi digunean, nola kontzientzia hartu une bakoitza bakarra dela eta, igarotakoak, jada ez duela bueltarik?

Seguruenez, duela urtebete baten batek planteatu baligu gaurko egoera, fikzio hutsa zela erantzungo geniokeen, Galazietako Gerla gertuago izango lukeena geronek bizitzen ari garena baino. Fikzioa errealitate bilakatu zitzaigun udaberri hastapenetan. Egunerokoa eten egin zigun Covid 19 pandemiak eta geroztik ezinegona sartu zitzaigun erraietako ondoraino, lurra bera ere mugitzen zela sumatzeraino geure eguneroko ibilbide txikietan.

Hasierako harridurak, konfinamendua ekarri zigun apur bat haratago eta, ezer gutxi ulertzen genuen egun batetik bestera etxe barruan behar genuela egon derrigortu zigutenean. Gure bizitzetan parekorik bizigabe geunden eta adinekoenak ere ez zuten horrelakorik gogoratzen. Nork pentsa zezakeen birus batek mundu osoa hankaz gora ipiniko zuela?

Urtean zehar hainbat momentutan gazteak izan dira gertatzen ari zenaren jomuga, pelikulako txar bakarrak bailiran. Erraza izaten da beste bati egotzi norberaren ardurak astintzeko, baina Zornotzako gazteriak gauza on asko egin ditu eta egiten darraie, auzolanean gehien behar dutenei laguntza eskaintzen.

Plazer bat da pertsonak irudikatzea, zer nolako bizipenak izango dituen galdetuz. Zer nolako beharrak. Imajinatzen nuen ama bat bere alabatxoari begira jolasean aritzen zelarik, non ametsak-galderak kakoan zintzilikatzen zituena, umetxoak bere marrazkitxoak eskegi egiten dituen bezala. Amaren begiradan hau suma zitekeen: “Egoera hau luze badoa, nola haziko da? Nola heziko dut? Zer izango dugu etorkizun hurbilean?”. Antzeko galderak etxe orotan izan ditugu.

Une guzti hauek, lainoa bezala desagertzen joan daitezen, irudikapena beharko dugu lagun izan eta eguneroko errealitateari momentu garratzak lapurtuz joan. Ilusioa irudikatuz, Anbotoko gailurrean, han, ametsen zoruan, beti delako emankorragoa eta emariagoa. Noizko lagun arteko besarkada estua? Zenbat denbora itxaron behar fereka xamur bat irristarazteko estimatzen duzun pertsona horren larmintzean? Zenbat amets lapurtu dizkigu gure oinetan deblauki lurra mugitzen hasi zenetik? Zenbat muxu, irudikapenean ehundutakoak, emateke geratu zaizkigu?

Egun dugun bezalako egoera distopiko bati aurre egiteko utopia litzateke alternatiba osasuntsuena. Zerbaitez sinistu beharra dugu, baikorrak izan eta guzti honek irteera bat izango duela barneratuz. Nolabait etxea erori zaigu; beraz, berreraikitzen hasi beharra dugu.

Utopiak behar ditugu egun dugun egoera ezjakin honetan. Hausnarketa garaia dugu. Zer nolako mundua eraiki nahi dugu? Argi baitago ez goazela ondo. Norbanakoaren kontzientziak ekarriko du kolektiboaren arrakasta, ezinbestekoa baita denon ekarpena egoera honi aurrea hartzeko, eraldatzen hasteko.

Ahalik eta ondoen igaro Gabonak eta urte hasierari ekin indarrarekin. Ametsak ezinbestekoak dira, bestelako mundu bat eraikitzea posible dela ziurtatzeko. Izan ondo eta urte berri on!