Agintarien kudeaketa txarra, gazteon errua al da?

Atzean utzi dugu 2020a, baina ez dirudi iazko urtea erraz ahaztuko dugunik: mundu mailako pandemia bat, eta horren ondoriozko krisi ekonomiko eta politikoa. Lehendik ere bageneukan matxismo, prekarietate eta abarrekin gutxi ez, eta zerbait gehiago. Adituek diote, epe laburrean behintzat, egoerak ez duela hobera egingo, hori da ziurgabetasuna nagusi den garai honetan seguru dakigun bakarra.

 

Herritarrok olatuak surfeatzen ikasi behar izan dugu eta baita kurba madarikatua menderatzen ere. Bitartean, gobernatzen gaituztenek autokritika guztiz ahaztu eta sorgin ehizak antolatzen dituzte. Gaixo kopuruak behera egiten duenean, agintariek haien burua zoriontzen dute, amamarik ez balute bezala. Aldiz, kurbak berriz ere gorako bidea hartzen duenean, errua gazteona omen da.

Beste hainbat kolektibo bezala, gazteok pandemiaren ondorio latzak pairatu behar izan ditugu: ikasketak Internet bidez jarraitu behar izatea, lan-prekarietatea areagotzea, aisialdia erabat mugatzea… Eta baita kriminalizazioa ere. Hauteskundeak antolatu dituzte pandemia garaian, ez dituzte osasun eta hezkuntza sistemak behar bezala indartu, ez dituzte krisi ekonomikoaren ondorio gogorrenak jasaten ari direnen oinarrizko beharrak ase eta, oso lotsa gutxirekin, gestio txarra gazteok kriminalizatuz estaltzen saiatu dira.

Beti pentsatu izan da helduak gazteagoen eredu direla, edo izan behar dutela. Arau hori agintari-herritar erlaziora ere aplika daiteke, hau da, agintariek herritarren eredu izan behar dute. Baina arau hau ez da ia inoiz betetzen, are gehiago, sarritan alderantzizko forma hartzen du.

Zornotzan esaterako, gazteok antolatu gara instituzio publikoen gabezia horietako batzuei konponbidea ematen saiatzeko, udalaren laguntzarik gabe, oso baliabide gutxirekin eta agintarien ahotan horrenbeste entzuten (baina gutxitan ikusten) dugun auzolana eginez. Horrela jaio da Elkartasun Sarea, gaztez osatutako taldea, herritarren laguntzari esker instituzioek bazterrean utzi dituzten zornotzarrak babesteko lanean ari dena.

Horrelako adibideek argi uzten dute ezin dela gazteona bezalako kolektibo zabal bati buruz orokorrean hitz egin. Are gutxiago, gugandik horren urruti dagoen pribilegioz betetako burbuila batetik egindako epaiketa funts gabekoak zabaltzeko bada. Arazoa da, noizbait gazte izan zirela ahaztuta duten helduek umeen antzera jokatzen dutela, gaizki egindakoaren ardura hartu beharrean. Horren errudunak ere, gazteok ote gara?

EH BILDU GAZTEAK – ZORNOTZA