‘Elkargoari esker, Ipar Euskal Herria juridikoki eta administratiboki existituko da’

iparralde-elkargoa-bozketa

Ipar Euskal Herriko herritarren gehiengoak elkargoaren alde bozkatu du. Argazkia: argia.eus

Ipar Euskal Herriko herritarren gehiengoak elkargo bakarrean biltzea erabaki zuen. Herri Elkargoa, legez, 2017an eratuko da eta, praktikan, 2020rako egongo da martxan. Ez du legeak egiteko ahalmenik izango, baina bere ordezkaritza izango du eta lehendakari ofizial bat ere bai.

 

 

“Gaur arte, juridikoki eta administratiboki Ipar Euskal Herria ez zen existitzen; 2017ko urtarriletik aitzina bai. Urrunago joateko lehen pausua da”, azpimarratu du Eneko Aldana Ziburuko hautetsi independentistak. Berarekin izan gara, elkargoari buruzko xehetasunak hizpide.

– Ipar Euskal Herria elkargo batean bilduta egongo da. Baina zein izango da elkargo horren egitura?

Ipar Euskal Herria “Herri elkargo” batean elkartua izanen da. Herri Elkargoa mankomunitatea bat da. Hortaz, 158 herrietako ordezkariz osatua izanen da, herri elkargoko batzarra. Batzarretik batera, komisio permanente bat eta exekutibo funtzioa beteko duen bulego bat gehituko zaio.

– 158 herri egongo dira ordezkatuta Ipar Euskal Herriko Herri Elkargoan. Kudeatzea eta erabakiak hartzea ez da erraza izango. Nola funtzionatuko du elkargoak? Zeintzuk izango dira bere funtzioak?

Momentuz legea egina den bezala, 232 pertsonaz osatutako batzar bat ukatea behartzen gaitu. Hautetsi kopuru hori ukateak kudeaketarako zailtasunak sortzen ahalko ditu. Baina, lehen galderan erantzun bezala, batzarrari 69 delegatuz osatutako komisio iraunkor bat eta 20 delegatuz osatutako exekutibo bat gehituko zaio. Honela Batzarrean legeak obligazioa inposatzen dituen erabakiak hartuko dira, urtean behin edo bi aldiz bilduz, ala nola aurrekontuak bozkatzeko. Eguneroko lana komisio iraunkorra eta exekutiboaren artean eginen litzateke.

Bestalde aurreikusi daiteke, etorkizun hurbil batean, legea aldatzea eta Batzarra sufragio zuzenaren bitartez ordezkatu izatea eta ondorioz delegatuko kopurua jaustea.

– Noiz aurreikusten da elkargoa martxan jartzea?

Maiatza bukaerarako Herriko etxe guztiak gai honen inguruan beren iritzia heman ondoren, Prefetak herri elkargoaren sorreraren dekretu bat izenpetu du ekainean. Legez, 2017ko urtarrilerako sortu izan beharko du. Baina, efektiboki 2020rako prest izanen da, bere gaitasun guztiekin.

– Ipar Euskal Herria elkargoan bilduta egongo da. Baina orain “hiri” elkargo edo “hirigune” elkargo izatea erabaki behar zen, eta aldea omen dago. Zeintzuk dira ezberdintasunak? Nork erabaki du hori?

Eztabaida, “herri” eta “hirigune” elkargoaren artean egon zen. Baina ez da bozketarik egin puntu horren inguruan, Prefetak “hirigunearen” proposamena bakarrik mahai gaineratu baitzuen. Bi egituren artean konpetentzia eta baliabide ekonomiko maila ezberdin bat dago, “hiriguneak” “herri” elkargoak baino gehiago ditu.

– Bi herri txiki elkargotik kanpo geratu dira. Zergatik?

Nik dakidala, ipar Euskal Herria osatzen duten 158 herriek elkargoa osatuko dute. Bi kasu berezi egon daitezke. Xiberuako Jestaze (Biarnon dagoen enklabea) eta Eskiula, ez baitira kide izanen. Bi herriek orain arte ez baitute Xiberuako herri elkargoa osatu. Lehenaren kasuan ez baita “lurralde segidarik” enklabe bat baita eta bigarrenaren kasuan ez baita Xiberuako herri bat. Euskaraz hitz egiten den Biarnoko herri bat baizik.

– Lurraldetasunari dagokionez, Ipar Euskal Herriak bere biziraupena bermatzeko erabakia hartu duela ematen du eta hori ezinbestekoa da etorkizuneko Euskal Estatu independentea eraikitzeko. Irakurketa zuzena al da hori?

Irakurketa guztiz zuzena da. Herri elkargo bakarraren sortzearen garrantzia ez dago hainbeste ukan ditzaken konpetentzien inguruan, lurraldetasuna bermatzean baizik. Euskal Herriaren emantzipazioan aitzina egin ahal izateko, aurrebaldintza, bere lurralde guztien ezagutza eta subjektu izaeraren ezagutza da. Gaur arte, juridikoki eta administratiboki Ipar Euskal Herria ez zen existitzen; 2017ko urtarriletik aitzina bai. Urrunago joateko lehen pausua da.

– Elkargoak hainbat arlotan izango du ardura: ekonomikoan, lurralde antolaketan, gai sozialetan, hizkuntzan edota kulturan. Gai estrategikoak dira. Hego Euskal Herriko begietatik ikusita, Ipar Euskal Herria elkargo izanda “bosgarren autonomia” bilakatu dela esan daiteke?

Autonomia bat izatetik, nahiko urrun gaude oraindik. Herri elkargoak lege ahalmenik ez baitu ukanen. Baina esan dezakegu Euskal Herriko hirugarren entitate administratiboa izanen dela. De facto Ipar Euskal Herriak, EAEk eta Nafarroak bezala ordezkaritza eta lehendakari ofizial bat ukanen du.

Konpetentzia maila ezberdinetako egitura izanez ere, mugaz gaindiko harremanetarako eta nazio eraikuntzarako  tresna biziki egokia izanen da.