Forjas Jauregiaren eraisketa ekidin zitekeen, baina EAJren eta PSEren Udal Gobernuak ez du nahi izan

EAJren eta PSEren Udal Gobernuak Forjas Jauregiaren eraispena gelditzeko aukerak eta tresna legalak eskura izan ditu, baina ez ditu erabili. Nahiago izan du eraikin historiko hori behera botatzea, ondare historiko izendatu eta Amorebieta-Etxanoko herritarren eskura jarri beharrean.

EAJren eta PSEren Udal Gobernuaren baimenarekin, urriaren 7an abiatu zuten Amorebieta-Etxanoko Forjas Jauregiaren eraisketa. Eraikin historiko bat zen. 20ko hamarkadan sortu zen Forjas enpresaren bulegoak egon ziren han. Forjas erreferente bilakatu zen XX. mendeko industrializazio prozesuan eta belaunaldi ezberdinetako zornotzarrak aritu ziren fabrika horretan lanean.

Amorebieta-Etxanoko ondare historikoa zen eraikin bat bota izana salatzearekin batera, ondokoa adierazi nahi dugu:

1- Azken urteetan, Forjas konpainiaren bulego zaharrak biltzen zituen eraikina VUSA enpresa eraikitzailearen esku egon da. 2017ko abenduan hasi zituen Forjas Jauregia botatzeko tramiteak eta Udalaren Hirigintza sailak 2020ko urrian eman zion horretarako baimena. 2021eko urriaren 7an hasi zuten eraispena.

2- Baimen hori emanda, EAJk eta PSEk Amorebieta-Etxanoko Hiria Antolatzeko Plan Orokorraren aurrerakina (2015) urratu zuten; izan ere, plan horretan Forjaseko eraikina ondare historiko izendatu zen eta, beraz, ezingo zuten bota.

3- Halaber, baimen hori emanda, Eusko Legebiltzarrak 2019an onartu zuen Ondare Kulturala babesteko legea ere urratu zuten. Araudi horren arabera, erakundeek ondare kulturalak zaintzea lehenetsi behar dute, enpresek edo herritarrek izan ditzaketen balizko interes partikular eta espekulatzaileen gainetik. Gainera, ondare kultural izendapena emateko eskumena udalen esku uzten du.

4- Testuinguru honetan, Zornotzako EH Bilduk denbora darama egoera hau guztia salatuz eta eraispena ekiditeko neurriak proposatzen, besteak beste:

• Eusko Jaurlaritzako ondare kulturaleko zuzendaritzan eraikinari babesa emateko eskaera egin genuen.
• Bizkaiko Batzar Nagusietan eta Udaletxean ere eskaera bera erregistratu genuen. Udalak, baina, neurri hori eztabaidatzea baztertu zuen.

Laburbilduz, EAJren eta PSEren Udal Gobernuak Forjas Jauregiaren eraispena gelditzeko aukerak eta tresna legalak eskura izan ditu, baina ez ditu erabili. Nahiago izan du eraikin historiko hori behera botatzea, ondare historiko izendatu eta Amorebieta-Etxanoko herritarren eskura jarri beharrean. Zergatik? Gestore on gisa aurkezten dute euren burua, baina herriak ezin dira eraiki ondare historiko eta kulturalak suntsituz.

Gauzak horrela, eta gertaeren larritasuna ikusita, Zornotzako EH Bilduk eraisketa prozesuan egon diren irregulartasunak salatuko ditu eta udaletxean ez-ohiko osoko bilkura egitea eskatuko du.