Karmen kaleko peatonalizazio proiektua abian jartzeko prozesuan gardentasunik eza hauteman du Zornotzako EH Bilduk. Izan ere, EAJ-PSE udal gobernuak ez die proposamena aztertzeko beharrezko dokumentazioa helarazi, garaiz eskatu badute ere.
Azken osoko bilkuran hasierako onarpena eman zion EAJ-PSE udal gobernuak Karmen kalea peatonalizatzeko proiektuari. Horren aurrean, prozesuan izandako gardentasun falta salatu du EH Bilduk. Izan ere, presaka eta gainontzeko udal taldeei zein herritarrei proiektua behar bezala aztertzeko dokumentazioa eta denbora eman gabe eraman dute gaia osoko bilkurara.
Zornotzako EH Bilduk salatu duenez, ez diete, hasierako onarpenaren ondoren ere, eskatutako dokumentazioa helarazi, hala nola, espedientea euskaraz eta trafiko fluxuan izango duen eraginaren inguruko ikerketaren txostena. Gainera, ez diete hala moduzko partehartze prozesuan jasotako proposamenen eta kezken berri eman.
Horregatik, Zornotzako EH Bilduk galdegin zuen puntu hori azken osoko bilkuraren gai ordenatik atera zezatela, prozesua behar besteko bermerik gabe burutzen ari zela ikusita. Halaber, argi utzi nahi dute erabateko konpromisoa dutela mugikortasun eredu jasangarriekin eta norabide horretan planteatutako ekimenen alde egongo direla, hori bai, ez edozein modutan eta edozein preziotan.
Azpimarratu dute proiektuak herritarren egunerokotasunari bete-betean eragingo diola eta, hori dela eta, ezin dela presaka egin, agerian geratu baita asko direla ekimenak zornotzarrengan sortzen dituen zalantza eta kezkak. EH Bilduren aburuz, benetako parte hartze zabal bat eskatzen du horrelako proiektu batek, denen artean hura hobetze aldera.
Ildo beretik, EAJ-PSEk aurrera eraman nahi duen proiektuaren kostuaren inguruan kezka agertu du Zornotzako EH Bilduk, 1,2 milioi euroko inbertsioa egiteko asmoa agertu baitu EAJ buru duen udal gobernuak. Koalizio subiranistak, ordea, uste du badaudela bestelako alternatibak herriaren erdigunea mugikortasun jasangarriago baterantz eramateko, horrelako diru xahuketarik egin gabe.
Alegazio epea, zabalik
Behin hasierako onarpena eginda, alegazioak aurkezteko epea zabalik dago. Hori horrela, datozen asteetan lanketa bati ekingo dio EH Bilduk, xede izango duena proiektuaren nondik norakoak herritarren artean ezagutzea ematea, horrela ekarpenak jaso eta udal gobernuari helarazi ahal izateko.
