“Datorren legegintzaldirako egongo den lantaldea goi mailakoa izango da, udal gobernua edozein momentutan hartzeko prest”

Maiatzeko udal hauteskundeetarako atzerako kontaketa bete-betean, EH Bilduren Zornotzako alkategai izango den Ander Uriarte Pujanarekin hitz egin nahi izan dugu,bere izendapenera eraman duen prozesuaz, koalizioaren ibilbideaz eta beste hainbat konturi buruz. 

 

Nola bizi izan duzu prozesu parte-hartzailearen prozesua eta zu hautagai izendatu izana?
Hautagai desberdinekin harremanetan jartzeko aukera emon du, eta baita euren iritzia jakiteko. Hori garrantzitsua da EH Bilduren pluraltasuna ezagutzeko.

Arlo pertsonalean erantzukizun handia da, baina, aldi berean, ohorea da horretarako ni aukeratu izana. Oso baikor nago, datorren legegintzaldirako egongo den lantaldea goi mailakoa izango da, udal gobernua edozein momentutan hartzeko prest.

Oraindik urrun samar dauden arren, zein egoeratan iritsiko da Zornotzako EH Bildu maiatzeko udal hauteskundeetara?
Lan handia aurreratu dugu azken hilabeteotan eta oso indartsu iritsiko gara, hauspoa bete-beteta. Hori da herri honek behar duena, udal gaien inguruan lan egitera gogotsu doan jendea.

Hauteskundeetatik harago, zeintzuk dira EH Bilduren erronkak 2019. urte honetarako?
Alde batetik, gobernu aldaketa bat erronka itzela da, kontuan izanik urte asko daramatzala gaur egun boterean dagoen alderdia, eta ez da txarra noizbehinka aire freskoa sartzea edonon.

Bestetik, herrian demokrazia partizipatiboaren oinarriak ondo finkatu nahi ditugu; herritarrek ez lukete lau urtean behin bakarrik parte hartu beharko, baizik eta dinamikoki eta etengabe, norberari dagokion gaian. Guztion artean, seguru edozein arazo edo gertakariri irtenbide hobea aurkitzen diogula, eta hori ez da lau urtean behin soilik egiten. Erronka hauek anitzak dira, jasangarritasunari, hirigintzari eta udal-zerbitzuei begira. Herriak hauei erantzuna ematea nahi du.

Iñaki Iza prest agertu da, oinarriek hala erabakiz gero, bidelagun izateko. Zer esango zenuke berari buruz?
Zer esango dizut, bada? Berarekin partekatutako denbora oso aberasgarria izan da, plazer itzela da berarekin kontatzea, bai pertsonalki eta baita herri mailarako dituen planteamenduei begira. Berarekin eta laster egongo diren gainontzeko zerrendakideekin, ezin da ezer gaizki atera.

Bukatzear dagoen legealdia laburbildu behar bazenute, zein izango litzateke zuen irakurketa?
Alde batetik, gobernu taldea koalizioan dago eta eurek nahi ez badute ezinezkoa da edozein planteamendu aurrera ateratzea. Zinegotzi kopuruari dagokionez, zenbakiak haien alde daude.

Bestetik, gure planteamenduak landuta eraman ditugu arlo guztietan, eta horrek erakusten digu herri hau beste ikuspegi batetik gobernatzeko gaitasuna dugula. Beste eredu bat aurrera eramateko indar moral handia eman digu, nahiz eta gure planteamenduak baztertuak izan.

EH Bilduko sei zinegotziok hor egon gara, inolako liberaziorik gabe, bakoitzak bere denboratik ahal izan duena ematen, eta maila oso altua erakutsiz, gaia edozein izanda ere. Harrotasuna da burura datorkidan hitza, harro nago talde honen kide izateaz.