‘Che’, mitoa eta pertsona

Erreferente bat bere denbora historikoan eta bere testuinguruan aztertu behar da, erreferente orori, gaurko ikuspuntutik hartuta, erreza litzatekelako bere ekarpenari orrazte kritiko bat egitea. Hamarkada gerrileroak markatu zuen gure belaunaldia, izan ere hitz potoloa, zaila oso guztiz eta edukiz betetzea.

Norbaitek figura horri eraso edo auzitan ipintzen badu min hartzen dugu, deseroso ipini gaitzake, baina pertsona oro poliedrikoa izaki, gabeziak agertzen dira bere izaera aztertzerakoan, bere egitean sakonduz gero. Zentzun horretan ez dago ezer txarrik pertsona orok hobetzeko baitugu.

Algortako Askatasun Deiadar taldeak ozen goratu zuen ahotsa, Onintza Enbeitak Ernesto ‘Che’ Guevarari buruz idatzitako iritzi artikulu baten harira. Batzuentzako ikutuezina izango da, pertsonok monolitikoak izango baikina eta ortodoxia muturrera eroanda, dena ondo egin bailuen. Mitoaren atzeko gizonengan ipini zuen fokua Onintzak eta dirudi batzuentzat (akaso bere burua iraultzaile peto-petoa eta aratza hartzen dutenentzat) ikutuezinezko eremua dala, iraultzailearen soslai gorpuztua hauskorra bailitz…

Maiz giza pertsonaren osotasuna azalarazteko tipularen metafora erabiltzen dugu, hots: hainbat geruzakin osatuta dagoelako. Pertsonaren izaera ere hainbat geruzarekin hornituta egoten da. Pertsona osoa eta zatikatuta ere bai. Geruza bakoitzak bere bizipen propioa izan dezake eta aldiberean amankomun jokatu beste zatiekin.

Akaso, iraultzaile adiera garapen luzeko egitekoa litzateke, egile eta eragile aldi berean.  Eremu orotan jakituria osoa metatzea ezinezkoa da, batez ere momentu oro gauza berriak asmatzen eta sortzen goazelako. Edozein erreferente, berezkotik mugikorra den araberan, ezinbesteko behar dugu hartu galbahetik igaroaraztea. Belaunaldi bakoitzak bere galbahe propioa behar du eta idatzitako Historia galbahe kritiko batetik pasarazi.

Mitoa ez da ikutzen, ikutzen dena pertsona da, haragizko pertsona eta, tipula bezala, geruza hainbatekin osatuta dago, denetan ezin aurreratuta egon nahiz aurrerakoia izan pentsamenduz. Geure artean ere egon diren edo dauden “erreferenteak” pasa ditzakegu galbahe kritiko batetik eta seguru zeresana emango dutela. Gauzak garapen bezala hartuta gabeziak edozein eremutan ager daitezke eta ez diogu beldurrik izan behar eman beharreko aldaketeei, nahiz batzuetan geure hantuztearekin talka egin.

Jaungoikoa(ak) ez  da (dira) existitzen, gizaki garen heinean, aldaketa bizitzako lanabesa bezala hartu behar dugu. Mitoarekin bakarrik geratzea kaltegarria da oso. Onintzak mitoaren barruko leihoak zabaldu ditu, gabeziak azaleratu eta beste behin gogorarazi “pertsona” perfektorik ez dagoela. Danok ditugula geure argi-ilunak eta ilun diren horiek argira ekarri eta edukiz argiztatu behar ditugula.

– “Hurbiletik eragiten digunari buruz, ezin neutraltasunaz jardun” (Alain Touraine).

“Nada es para siempre. El café se enfría, la gente se va, el tiempo pasa y las personas cambian” (Gioconda Belli).