Beldurrak

Beldurra sentitu izan dut sarri.

Gurasoei matematikako azterketa gainditu ez nuela esaterakoan, gustuko izan dudan norbaiti gustuko dudala esan diodanean; autopistatik, euria botala eta kamioi batek aurreratu nauenean, kontrol polizialak ikusten ditudan bakoitzean edo tabernazulotik etxerako bidea bakarrik egin behar izan dudanean. Oroitzapena dudanetik esango nuke ezagutzen dudala emozio hori, hain emozio primarioa, bizirauteko beharrezkoa eta bizitzeko hainbeste traba jartzen dizkidana. Lerro hauek irakurtzen ari zarela ere, izu puntu bat sentitzen dut barrenean; biluzik ikusiko baninduzu legez, ea gustuko duzun, ea zer uste duzun eta ea ase zaituen itauntzen dudan artean.

Beldurra sentitu izan dugunon aurrean, badaude beldurra sentiarazteko beharra dutenak ere. Kaletik bakarrik zoazela atzetik azkar eta gertu jarraitzen zaituztenak, uniformea dirdiratsu eta borrak eskuan karga polizialak egiten dituztenak, autogestioz sortutako proiektuak epaitu eta zigortu nahi dituztenak, errepresioa eta injustizia arma moduan darabiltzaten pertsonak, giza eskubide unibertsalak errespetatzen ez dituztenak, zein lanpostuekin nahi duten bezala olgetan dabiltzan enpresa-buruak, besteak beste. Hauek izaten dira gehiegitan gure beldurren erantzule eta eragile.

Eta konturatu naiz, beldur asko sentitu eta oraindik beldur asko sentitzeko baldin baditut ere, etxegabetze baten beldurrik ez dudala sentitu edo gosea pasatzearen beldurrik edo bikoteari kale erdian muxu ematearen beldurrik edo… eta nago, zerk beldurtzen gaituen ere, askotan, pribilegio kontua dela.