Arantza Gerediaga gogoan

Gaixoaldi luze eta gogorraren ondoren joan jaku Arantza. Ezer baino lehen, nere dolumina eta besarkada bere etxeko guztiei.

Pertsona bezala lasaia, hitz errazekoa eta maitagarria izateaz gain, ohorea izan zen beragaz oso aspaldi esperientzia politikoa izan nuelako.

Seguru asko ezagunagoa da bere azken urteotako ibilbidea, EH Bilduko sorreran eta zinegotzi gisa egindako ekarpena eta lana.

Baina, hemen bereziki gogora ekarri gura dut, 1998an sinatu zen Lizarra Garaziko Hitzarmenaren ondoren, bake prozesuari gure herritik bultzatzeko asmoz, Zornotzan sortu genuen mahai hartan bete zuen lana. Urte zailak ziren eta bileretara etortzen ziren alderdi desberdinetako ordezkariek konpromiso oso desberdina zeukaten. Mahai haren lanaren ondorioz, lehenengo Aberri Eguna ospatu ahal izan genuen 1999an Herriko Plazan, kostata baina, azkenean, PNVren parte-hartzea ere lortuz.

Era berean, azpimarratu behar dut Lizarra Garaziko Bake prozesua bultzatzeko Zornotza mailan egin genuen aurkezpen-ekitaldia. Zeregin horretan, Arantza parte-hartzaile oso aktiboa izan zen eta berak lortu zituen ekitaldiko mahai-inguruko hizlariekin kontaktua egin eta gure herrira etortzea, tartean, Francisco Letamendia “Ortzi” eta Pedro Ibarra. Ondoren, “El Cojo” jatetxean bazkari ederra izan genuen eurekin.

Beste barik, lerro xume hauen bitartez, eskerrak eman gura dizkiot Arantzari Euskal Herriaren alde, azken egunera arte, egin duen lan guztiagatik.