Ainhoa Salterain Berdintasun zinegotziak Marixelarre Sariak interes elektoralistekin erabili dituela salatzen dugu EH Bilduk eta Elkarrekin Podemos-IUk

Ainhoa Salterain larunbateko ekitaldian. Argazkia: Udala

Ainhoa Salterain Amorebieta-Etxanoko Gizarte Ekintza eta Berdintasun zinegotziak  Marixelarre Sariak interes elektoralistekin erabili dituela eta Udal Berdintasun Batzordean oposizioko taldeak baztertzen dituela salatu nahi dugu EH Bilduk eta Elkarrekin Podemos-IUk.

Joan den urtarrilaren 16an, Berdintasun Batzordean, 2023ko Marixelarre sarietan pentsatzen hasteko eskatu zigun, eta, horretarako, Bizkaiko Foru Aldundiaren Zirgari sarien oinarriak helaraziko zizkigula agindu zigun. Egun horretan bertan sariei buruzko baliorik gabeko eranskin batzuk bidali zizkigun, baina oinarririk ez.

Otsaileko batzordean ohartarazi genion ez zigula agindutako dokumentazioa bidali, eta, beste behin, informazioa igorriko zigula erantzun zigun. Horrez gain, balizko emakume sarituak nortzuk izan zitezkeen pentsatuta zeukala, eta biharamunean zerrenda bidaliko zigula aurreratu zigun, guk ere gure ekarpenak egin ahal izateko.

Bada, hiru hilabetetan, Ainhoa Salterain ez da gai izan hitzemandako ezer betetzeko: ez zigun agindutako dokumentazioa bidali, ezta aitortza jasoko zuten pertsonen zerrenda aurretiaz jakinarazi ere.

Sariak joan den larunbatean, martxoaren 11n, banatu ziren, eta Berdintasun Batzordean parte hartzen dugun EH Bilduko eta Elkarrekin Podemos-IU-ko zinegotziok ez dugu aukerarik izan inolako ekarpenik egiteko. Ainhoa Salterainek baztertu egin gaitu, eta Udalarena den ekitaldi bat berea bailitzan erabili du: berak, alde bakarretik, erabaki zuen aitortza nori eman, inolako oinarririk segitu gabe gainera; eta bere izenean igorritako gutun bidez gonbidatu zituen emakume sarituak ekitaldira.

Gauzak horrela, Ainhoa Salterain Berdintasun zinegotzi eta EAJren alkategaiak Amorebieta-Etxanoko Marixelarre Sariak asmo elektoralekin eta interes alderdikoiekin erabili dituela salatu nahi dugu. Botoak eskuratzeko ahaleginak egitea zilegia da, baina erabat onartezina da horretarako Udalarenak, hots, zornotzar guztionak diren baliabide publikoak eta ekitaldi instituzionalak erabiltzea.

Halaber, oposizioko taldeok udal ekintzetan parte hartzeko daukagun eskubidea aldarrikatu gura dugu. Oposizioan egon arren, gu ere Amorebieta-Etxanoko herritarren ordezkariak garelako udaletxean.

 

EH BILDU ZORNOTZA                ELKARREKIN PODEMOS-IU AMOREBIETA

 Amorebieta-Etxanon, 2023ko martxoaren 13an