Aiete VS. Balditza aldaketa?

Hamar urte igaro dira Aieteko Konferentzia ekimendu zenetik eta egunotan bolo-bolo dihardu hedabideetan. Data garrantzitsu hartatik aurrera eman diren urratsak edota bidean utzitako gabeziak, hori beste kontu bat da. Ez dago zalantzarik, euskal gizarte zibilaren zati batek egindako lan mardula konferentzia bera eta inguruko guztia posible izan zedin. Bake konferentzia ere deitua izan zen hura baina, nago, oraindik baketik hurrun gaudela edo, behintzat, bakea konponbide orokor bezala ulertzen dugunontzat.

Transtzizio politiko moduko bat ere izan zitekeela pentsatzen zuten hainbatek, baina bertan adostutakoak nekez egin du biderik. Eta helburuak, nahiz hizki handiz idatzita geratu, eguneroko eginbehar horretan hanka-motz ibili dira eta dabiltza.

Beste behin ere betiko hormatzarra dugu aurrean, betiko murruez gaude inguraturik eta nekez igarotzen gara erasora, nahiz eta kontziente izan, Estatu espainola defendatzen duten horiek bere legedia eskutan egunerokoan “betoa” ipintzen digutela gure oinarrizko helburuak zapuzteko.

Duela hamar urte Erakunde armatuak behin betiko utzi zuen bere iharduera eta handik denbora batera bere desagerpena iragarri zuen. Gizarte zibilaren parte-hartzeak ahalbidetu zuen guzti hura, nazioarteko ordezkariak tartean zaudelarik. Hori da duguna eta geratu zaigun ondarea.

Hori izan da alde batek “bake prozesua” deitua ere izan zenari ulertu nahi duen bakarra, ulertarazi nahi izan digutena, bestelako egitekorik ez balego, hortik aurrera modu errepikakorrean errelato bezala saldu edota inposatu nahi dutena.

Igaro den denbora guzti honetan Estatu espainolaren aldetik ez da egon inolako kuku hotsik modu adostu batean gatazka politikoari irtenbide bat emate aldera eta beronek utzitako ondorioak ixten joateko. Indarrean zeuden legeak bere horretan diraute. Espainiar gobernuak izendatzen duen Fiskal Nagusiak ez du apenas ezer egiten Entzutegi Nazionala apaltzeko edo bestelako legedia eguneratu bat indarrean ipintzeko. Estatu espainoleko indar armatuak noiznahi parte har dezakete ezker independentistaren aurkako sarekadetan. Dena izan daiteke ilegal, dena izan daiteke terrorismoaren gorazarre eurek horrela baderitzote. Non daude gure bermeak horrelakorik gerta ez dadin?

Euskal erakunde armatua zegoen jomugan eta askok pentsatu zuten, bera indargabetzearekin batera, dena posible izango zela metodo demokratikoetatik abiatuta, baina horrelakorik ez da bistaratu oraingoz, azken finean ezker independentistaren ideien porrota dutelako helburu. Ez gaitezen engaina, hori dute helburu nagusia.

Gure sustraietatik zerbait utzi behar dugu, eurek inolako alerik mogitzen ez duten bitartean eta hori hitz bakar batez izendatzen da, hots: asimilazioa. Euri xiri-miria bezala doa bustitzen, astiro baina etengabe. Alde egin dezagun diskurtso triunfalistetatik. Aurrera goaz, baina nekez, eta okerrena da, egiten goazen guztia, di-da batean erauzi dezaketela. Ohar gaitezen bermeak behar ditugula, egunerokoan lantzen goazen orube hori babestu behar dugula, indartu, blindatu, bestela jai dugu.

Euskal herritarren inplikazioari esker atera zen guzti hura eta geroztik ere eguneroko lana du ezker subiranismoak tresna emariena.

Geure indarretan sinistu, herri mogimenduak landu, norabide argiak ditugularik ardatz… eta ezin ahaztu denbora tarte honetan herritar hainbat gure ondotik joan zaizkigula. Herritar langileak, urte luzeetan lanean fin aritu izan direnak.

Beti eskuzabal, beti laguntzeko prest. Horixe da herri batek duen altxor preziatuena bere eguneroko jardueran, independentzia hodeiertzean hartuta. Bihoakie gure errekonozimendua eta gure maitasuna.